Bermeori eta arrantza industriari egindako ekarpenagatik, hil osteko Urrezko Domina jaso du gaur Iñaki Latxagak
Hunkituta jaso du bereizgarria Latxagaren alargun Isabel Uriak, Bermeoko alkate Aritz Abaroaren eskutik.
Iñaki Latxagak arrantza industriari eta udalerriari egindako ekarpena eskertu eta aitortzeko, bermeotarrari hil osteko Urrezko Domina ematea onartu zuen, aho batez, Bermeoko Udalak, urtarrilaren 27an egindako osoko bilkuran. Hala, gaur bertan jaso du bereizgarria Iñaki Latxagaren alargun Isabel Uriak, familiaz ingurututa. Uriak hunkituta hartu du bereizgarria Bermeoko alkate Aritz Abaroaren eskutik.
Bermeoko udaletxeko ateak zabaldu dituzte gaur ekitaldia egiteko, eta hirugarren solairua bete egin da. Latxagaren familiaz gain, bermeotarragaz lotura izan zuten herriko hainbat taldeetako pertsonak bertaratu dira, baita ere lankideak. Udal ordezkariekin batera, Unai Rementeria ahaldun nagusia, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu eta Idurre Bideguren EH Bilduko senatari bermeotarrak ere egon dira gaurko ekitaldian.
Uriari bereizgarria eman aurretik, hitza hartu du Bermeoko alkateak. Aipatu du, “ofizialki” estreinatu dutela zaharberritze lanetako azken fasean “buru-belarri” sartuta dagoen Bermeoko udaletxea: “Zein ekitaldi hobe egon daiteke bermeotar beti bere herritarren aldetik esker oneko aitortza agertzea baino?”.
Alkateak esan du Latxagak “ondo baino hobeto” betetzen dituela bereizgarria jasotzeko baldintza guztiak. Hala, balio pertsonalen garapenean ezinbestekoak diren eta udalerriaren garapen sozial eta ekonomikoan eragin zuzena izan duten hiru kontzeptu azpimarratu ditu Abaroak: sustraiak, erronkak eta konpromisoa. Abaroak haren ibilbidearen gainbegiradara egin du gaur ere, eta “atunontzi guztien inspiratzailea” izan dela nabarmendu du. 1974an, Albacora enpresa sortu zuen, lau ontzigaz hasi zuten ibilbidea. Gaur egun Indiar Ozeanoan, Ozeano Barean eta Atlantikoan arrantzan egiten duten 18 ontziko flota duena: “Albacora izan da eta da Iñakiren pertsonalitatearen argazki leiala”.
Gainera, Opagac (Organización de Productores Asociados de Grandes Atuneros Congeladores) elkartearen sortzailea ere izan zen, eta hamabost urte izan zen presidentea. Halaber, 1990ean, Salica enpresa erosi zuen. Bermeon lantegia izateaz gain, A Pobra do Caramiñalen (A Coruña) eta Posorjan (Ekuador) ere lantegiak ditu.
“Iñaki Latxaga gure inguru honetan enpleguari eusteaz gain, arrantza-teknikak eta ontziko baldintzak hobetzearen aldeko apustua egin zuen ameslaria izan zen. Ez dago zalantzarik Iñakik beti eraman izan duela Bermeo bere bihotzean, eta horregatik, bere ibilbide profesional eta pertsonalean, ezin hobeto irudikatu izan du bermeotarren eta Bermeoren izaera eta izena, mundu osoan zabalduz”, azaldu du. Enpresa kontuez gain, alkateak gogorarazi du, beti izan duela “konpromiso handia” herriko hainbat kultur, aisialdi eta kirol taldeekin, “beti laguntzeko prest” zegoela nabarmenduta: “Baina ez hori bakarrik, enpresaren garapenarekin batera, lan aukerak sortu dizkie Bermeoko familia asko eta askori, eta hori ere kontuan hartu beharreko faktore garrantzitsua da”.
Latxaga “eredugarria” izan dela esan du Abaroak; horregatik, uste du, urrezko domina “merezitako aintzatespena dela”.
Gaurkoan, gainera, Latxagaren bizitza profesionalean hainbat arrazoirengatik funtsezkoak izan diren pertsonak protagonista dituen bideo bat jarri dute. Ikus-entzunezko pieza horretan, hainbat bermeotarrek Latxagak bakarka zein taldeka (klubak eta erakundeak) eman zien laguntza eskertu eta balioetsi dute; “jarraitu beharreko adibidea” dela adierazi dute.
Latxagaren emazte Uriak esan du, Latxagak “poz handiz” jasoko zukeela bereizgarria, “dagoen lekuan ere pozarren egongo da gu hemen ikusteagaz”. Senarraren eta familiaren izenean eskerrak eman ditu Uriak.
Luisa Latxaga alabak argi esan du “Iñaki bertan zegoela”, hor egon behar zuelako: “Pozik egongo zen hemen, inoiz ez zuelako imajinatuko horrenbeste maite zuen Bermeok urrezko domina bat emango zioenik. Bermeo eta Albacora bere bizitzaren ardatza izan dira”. Aitari egindako aintzatespena, berak sortutako enpresarentzako aintzatespena ere badela aipatu du. Esan du, Latxaga”tradizioa eta modernitatea” zela aldi berean.
“Bakarra” eta “jator-jatorra” zela adierazi du bere alabak: “Bermeotar on modura, ez zen politikoki zuzena. Baina politikoki zuzena ez bazen ere, politiko zuzen eta konprometituekin topo egiteko aukera izan zuen, sektorea ulertzen zuten politikoek eta babesa ematen ziotenak. Eskertuta zegoen ematen zioten babesagatik”.
Urrezko domina hau “uste baino lehen” iritsi dela esan du, datorren urtean Albacoraren 50.urteurrena ospatuko baitute. “50 urtetan mundua asko aldatu da. Hala eta guztiz ere, Iñakik jarraitu beharreko gida bat utzi digu: jasangarritasuna, berrikuntza eta eraginkortasuna. Baina baita ere baloreak: zintzotasuna, zuzentasuna, ondo egindako lana eta seriotasuna”.