Uraren Nazioarteko Eguna eta Planetaren Ordua ospatzeko askotariko jarduerak, Ekoetxea Urdaibain
Ikuskizunak, ipuin saioak, tailerra eta ibilbide gidatuak eskainiko ditu Ekoetxea Urdaibaik asteburu honetan, eta nazioarteko hitzorduagaz bat eginez, zapatu iluntzean (martxoak 25), ordubetez, zentroko argi denak itzalita edukiko dituzte.
Ekoetxea Urdaibaik Uraren Nazioarteko Eguna eta Planetaren Ordua ospatuko ditu asteburu honetan. Horretarako, adin guztietako jendearentzako askotariko doako esperientziak prestatu ditute. “Bi ekimen horien helburua da, bizitza iraunkorragoa izan dezaten, herritarren ohiturak aldatzea”, zehaztu dute zentroko arduradunek.
Martxoaren 22a da Uraren Nazioarteko Eguna, eta ur gezaren eta hari dagozkion baliabideen kudeaketa iraunkorraren defentsaren garrantzia azpimarratzeko eguna da. Uraren Nazioarteko Eguna UN-Water-ek koordinatzen du; Nazio Batuen Erakundeak edateko urarekin zerikusia daukaten gaietarako duen lankidetza-mekanismo bat da, eta gobernuek eta beste erakunde batzuek parte hartzen dute.
Aldaketa bizkortzea da aurtengo aukeratu duten leloa. Hain zuzen ere, Uraren Nazioarteko Eguna elkarrekin aurrerapausoak emateko eta horiek azkartzeko “aukera paregabea” dela nabarmendu dute Ekoetxea Urdaibaitik. “Bere ziklo integralean zehar aurki daitezkeen arazoen eta oztopoen aurrean munduko gatazka nagusietan aurrera egiten jarraitzeko aukera da: osasuna, gosea, genero-desberdintasuna, lanak, hezkuntza, industria, hondamendi naturalak eta bakerik eza”.
Uraren Nazioarteko Eguna, eta ur gezaren eta hari dagozkion baliabideen kudeaketa iraunkorraren defentsaren garrantzia azpimarratzeko eguna da
Gogoratu dute ura garapen iraunkorraren “funtsezko elementua” dela; baliabide hidrikoak eta ematen dituzten zerbitzuak “funtsezkoak dira pobrezia murrizteko, hazkunde ekonomikorako eta ingurumen iraunkortasunerako”. Era berean, urak herritarren “ongizatea eta hazkunde inklusiboa” bultzatzen ditu, eta “milaka milioi pertsonen bizitzan eragin positiboa” dauka, elikagaien eta energiaren segurtasunari, giza osasunari eta ingurumenari eragiten dieten gaietan baitauka ondorioa. Zentrotik emandako informazioaren arabera, gaur egun, 663 milioi pertsona baino gehiagok edateko urik ez daukate etxetik hurbil: “Hori dela eta, orduak eman behar dituzte ilara egiten edo urruneko iturrietara joaten, eta kutsatutako ura kontsumitzeagatik osasun-arazoak izaten dituzte”.
Garapen Jasangarrirako 6. Helburuan jasotzen dira uraren eskuragarritasuna eta kudeaketa jasangarria nahiz guztiontzako saneamendua bermatzeak, xahututako uraren proportzioa erdira murrizteko eta haren birziklapena handitzea.
Planetaren Ordua. Bestalde, zapatuan (martxoak 25), 20:30ean hasiko da Planetaren Ordua, eta Ekoetxea Urdaibaik ekimenagaz bat egin du: “Egun horretan, ordubetez, mundu osoko gizabanakoek, komunitateek, enpresek eta gobernuek argiak itzaliko dituzte. Planetaren Ordua da mobilizaziorako eta klima-aldaketaren aurkako borrokarako kanpaina global handiena. WWFk antolatuta, ekimen hau Sidneyn jaio zen 2007an, eta, harrezkeroztik, 160 herrialdetako 7.000 hirik eta herrik baino gehiagok hartu dute parte; milaka enpresa, ikastetxe eta erakundek bat egin dute beren ahotsarekin, energia garbietan oinarritutako etorkizuna posible dela frogatzeko”.
ASTEBURUKO JARDUERAK:
Oharra: parte hartzeko aurretiaz izen eman behar da: www.ekoetxea.eus (informazio gehiago: 94-687 04 02 edo info.urdaibai@ekoetxea.eus).
*Martxoak 25, zapatua:
- 10:30-12:30. Uraren bidexkak: Baldatika errekako ur jauzia ibilbide gidatua.
- 11:30-12:30. Urargi proposamen eszenikoa (1- 3 urte bitartekoentzat).
- 11:00-13:00. Tantaz tanta ipuin kontaketa eta tailerra (3 urtetik aurrerakoentzat).
Martxoak 26, domeka:
- 11:30-12:30. Ur tanta zientzia-ikuskizuna (3 urtetik aurrerakoentzat).
- 17:30-18:30. Uraren bizitza ipuin-saioa (3 urtetik aurrerakoentzat).
- 12:00-13:00. Kostaldea itsasontziz:Gaztelugatxe ibilbidea, Bermeoko portutik irtenda (tarifak: 4 urtetik beherakoek doan/ 4-12 urte bitartekoek 7 euro/ 12 urtetik gorakoek 12 euro).
- 17:00-18:30. Gea eta ibaia ibilbide gidatua, Sukarrietako pantalanetik irtenda (tarifak: 4 urtetik beherakoak doan/ 5-18 urte bitartekoek 15 euro/18 urtetik gorakoek 23 euro).