Txakurren pixak eta gorotzak jomuga, Zeurie be bada garbiketa kanpainaren barruan
Garbiketa kanpainaren bosgarren fasearen bitartez, txakurren jabeak kontzientziatu gura dituzte.
Bermeoko Udalak Zeurie be bada garbiketa kanpainaren bosgarren fasea abiarazi du, eta gaur goizean aurkeztu dute. Oraingoan, txakurren pixak eta gorotzak dituzte jomuga. Hala, ostalaritzako lokalei, gazteei eta haurrei zuzendutako aurretiazko faseen ondoren, kasu honetan kanpainaren hartzaile nagusiak txakurren jabeak izango dira.
Garbiketa kanpainaren bosgarren fasearen bitartez, txakurren jabeak kontzientziatu gura dituzte, “gorotzak batzeko eta pixak garbitzeko betebeharraz, bai eta gorozkirik gabeko kale garbiak lortzearen garrantziaz ere”. Modu horretan, Bermeoko Udalak pixak eta gorotzak jaso eta garbitzeko poltsa banatzaile eta botila batez osatutako garbiketa-kit bat emango die txakurren jabeei. Interesa daukatenek Berhaz Herritarrentzako Arreta Bulegora (Ertzilla 6-8) joan daitezke kita jasotzera. Era berean, gainerako herritarrak ere gaitz horren inguruan kontzientziatzeko asmoz, udalak txakurren pixak eta gorotzak batu eta garbitzearen garrantziaz informatzeko eskuorri bat banatuko du; herritarrek etxebizitzetan jasoko dute.
Batzen ez diren gorotzak edo garbitzen ez diren pixak, “arazo higieniko larria izateaz gain, arazo ekonomikoa eta bizikidetzakoa” ere badirela esan du Bermeoko alkate Aritz Abaroak: “Infekzio-gune dira, usain txarra sortzen dute eta udalerriaren irudi txarra ematen dute”. Gorotzak ez biltzea, “zalantzarik gabe”, gizabidearen kontrako jarrera dela gogorarazi du, “besteekiko errespetu falta oso larria, alegia”.
Aipatu du, gainera, txakurren pixa eta gorotzena, garbitasunaren arloan, herritarrengan sortzen duen kezka handiena dela; “hala adierazten digute behin eta berriro”. Horregatik, uste du, arazo hori desagerrarazi behar dela, eta, horretarako, herritarren laguntza ezinbestekoa dela nabarmendu du: “Bermeotar guztiak inplikatu behar ditugu, eta jakin behar dugu gure ekintzekin gainerako herritarrei kalte egin diezaiekegula. Ez da ezer kostatzen gure maskoten gorozkiak biltzea. Are gehiago, gure txakurraren gorotza bildu eta pixa garbitzeko keinu txiki horrek, onura handia dakar guztiontzat”.
Gogoratu du, gainera, gorotzak ez batzea garesti atera daitekeela; isunak 200 eurokoak izan baitaitezke.