Harresiaren eta zazpi ateen historia balioan jartzeko proiektua aurkeztu du Bermeoko Udalak
Ate bakoitza zegoen lekuan azalpen panel bat jarriko dute Rober Garaik egindako birsorkuntzagaz batera. QR kode bati esker, informazio gehiago jaso ahalko da.
Bermeoko Udalak Alde Zaharra inguratzen zuen harresia eta horrek izan zituen zazpi ateetatik abiatuz, Alde Zaharreko kultura ondarea berreskuratu, balioetsi eta ezagutarazi gura du. Hala, ateak zeuden lekuetan azalpen panelak jarriko dituzte. Gaur eguerdian aurkeztu dute proiektua udalerrian geratzen den ate bakarrean, Sanjuanportalen.
“Egitasmo honek beste urrats garrantzitsu bat suposatzen du herriko ondarearen balioztapenean, udalerriko bihotza den Alde Zaharra gune interesgarri bilakatzen lagunduko duena”, esan du Aritz Abaroa alkateak.
Aipatu du Bermeoko Alde Zaharrak duen ondare balio handia “nahikoa ezaguna” dela; “izan ere, gaur egungo Alde Zaharrak zehatz-mehatz islatzen du Erdi Aroko hiribildua, Bermeo Bizkaiko Jaurerriaren buru izan zen garaietakoa. Elkarrekin gurutzatzen diren kaleek eratzen dute Bizkai, Araba eta Gipuzkoako alde historiko zaharrenetarikoa eta handienetarikoa”.
Gogorarazi du gaur egun ate bakarra geratzen dela zutik, baina bere garaian hiribildua defendatzen zuen harresiak zazpi ate izan zituela, “eta horiek ere izena eta historia daukatela”. Horregatik, Bermeoko Udalak udalerriko ondare historikoari balioa emateko eta denboraren poderioz desagertzen joan diren ate horien guztien historia berreskuratzeko proiektu bat landu du. Ildo horretan, ate bakoitza zegoen lekuan, informazio panel bat jarriko dute euskarazko eta gaztelaniazko azalpen eta irudiekin. Panel bakoitzak, gainera, QR kode bat edukiko du, informazio gehiagorekin. Hilabete batean panel guztiak bere lekuan kokatuta egotea espero dute.
Lantaldearen garrantzia. Bermeoko alkateak proiektu hau aurrera atera ahal izateko lanean aritu den lantaldearen garrantzia nabarmendu gura izan du: “Proiektu hau lantalde bikain, konprometitu eta profesional bati esker gauzatu ahal izan da, Asier Romero EHUko irakasle eta kultur eragile bermeotarrak, Bittor Uriarte historialari bermeotarrak eta Rober Garai marrazkilariak osatu dute”. Batetik, Uriartek eta Romerok harresiari eta ateei buruzko informazio historikoa bildu dute, eta material hori guztia aztertu, landu eta prestatu dute herriari modu erraz eta didaktikoan aurkezteko. Bestetik, informazio hori guztia oinarritzat hartuta, Rober Garaik ate bakoitzaren ikus-birsorkuntza prestatu du.
“Hiru profesional hauek Bermeoko historia ondo baino hobeto ezagutzen dute, eta bere garaian gure Alde Zaharrean zegoena bikain islatzen jakin dute”. Haren hitzetan, “sekulako lana” egin dute, horregatik, udaletik eskerrak eman gura izan dizkie, “euren jarrera eta elkarlanerako borondate handiagatik”.
“Informazio askorik ez badago ere”, Uriartek adierazi du dokumentazioan oinarritu direla informazioa jasotzeko. Ateen “xehetasun zehatzak” edukitzea zaila izan da, eta, hortaz, gainontzeko ateak irudikatzeko, Sanjuanportaleko eredua jarraitu dutela aipatu du.
Gogora ekarri du XIX.mendean hasi zirela gutxika-gutxika ateak eraisten: “Garai hartako sentsibilitatea ez zen gaur egungoa. Santa Barbarako atea, esaterako, gunea ilundu egiten zuelako bota zuten, argia sartzeko”.
Garai eskertuta agertu da aukera emateagatik: “Erronka bat da niretzat nire irudimena aske uztea. Hala eta guztiz ere, koherentziaz egindako lana da”. Argitu duenez, harresian agertzen den huntza ere dokumentatuta dago. Uriartek eta Romerok egin duten lanari esker, esku artean dokumentazio sendoa izan duela dio, eta horrek aukera eman dio “sendotasunez” lan egiteko.
Liburuxka. Ateak zeuden lekuetan jarriko dituzten azalpen panelez eta irudiez gain, ate guztien irudia eta informazioa jasoko duen liburuxka bat ere egingo dutela esan du alkateak, bisitariei emateko asmoz: “Modu horretan, harresia osatu zuten ateen panelak bisitatu eta jarraituz, Alde Zaharretik ibilbide bat egiteko aukera izango dute”.