75 urtetik gorakoen etxebizitzetan ke-detektagailuak jartzen hasi da Bermeoko Udala
Detektagailu autonomoek abisatu egiten dute pertsonak lo daudenean; 416 detektagailu jarriko dituzte.
Alde Zaharrean eta auzoetan bizi diren 75 urtetik gorako pertsonen etxebizitzetan ke-detektagailuak jartzen hasi da Bermeoko Udala. Jakitera eman dutenez, Tecnifuego, Suteen Aurkako Babeserako Elkarteen Espainiako Elkarteak emandako 416 detektagailu jarriko dituzte, “pertsona nagusienen etxebizitzetan suteak prebenitzeko helburu nagusiagaz”.
Gaineratu dute, Gizarte Ongizate Sailaren bitartez, ke-detektagailuen mantentze lanez eta dagozkien berrikuspenez ere arduratuko direla. Era berean, udalak beharrezko informazioa eskainiko die erabiltzaileei, suterik izanez gero nola jokatu behar den erakusteko; mapa txiki bat ere egingo dute etxe bakoitzean, ebakuazio-biderik egokiena zein den azaltzeko. Bestalde, udalak inkesta txiki bat egingo du herritar horien artean, haien beharrak zeintzuk diren jakiteko. Ondoren, informazio hori guztia erregistratuta geratuko dela diote, egoera zaurgarrian dauden pertsona horiek non bizi diren eta zer beharrizan izan ditzaketen zuzenean jakiteko. Lanketa horri esker, kasuz-kasu azterketa egin eta esku-hartzerik edo laguntzarik beharko luketen jakitea ahalbideratuko duen Nagusien Behatokia sortuko dutela iragarri dute.
“Udaletik, detektagailu horiek instalatzeaz gain, mantentze lanak egiteko konpromisoa ere hartu dugu, hori funtsezkoa baita suteen aurkako babes-instalazioek funtzionatu dezaten. Era berean, erabiltzaileei informazioa emateaz eta izan ditzaketen beharrak erregistratzeaz arduratu gara. Hemendik aurrera gure bizilagun askok apur bat lasaiago lo egin ahal izango dute. Zoritxarrez, sutea ez da zain egoten, eta sute kasuan, gure esku dago, pertsonengan, ahalik eta kalte gutxien eragitea, prebentzio neurriak hartuta, ekipamendu eraginkorrak instalatuta eta mantentze lanak behar bezala eginda”, esan du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.
Prebentziorako giltza. Bermeoko Udaletik azaldu dutenez, ke-detektagailuak dira suteen prentziorako elementu garrantzitsuenak. Zenbait datu ere eman dituzte, “estatistiketan gehien errepikatzen direnak”. Suterik gehienak, esaterako, hilabeterik hotzenetan gertatzen direla (%60), edo kea arnasteak eragiten duela heriotzen %65. Diotenez, hildakoen %48,7 64 urtetik gorakoak dira, eta lekurik arriskutsuena egongela omen da. Suteen arrazoi nagusiak akats elektrikoak (23 hildako) eta berogailu zein bero-ekoizleak (11 biktima) izaten direla azaldu dute. hala, detektagailu autonomoek abisatu egiten dute pertsonak lo daudenean, horregatik, etxebizitzetan suteen aurka babesteko elementurik eraginkorrenetakoa direla nabarmendu dute.