'Afizioz' lehiaketaren bigarren saria jaso du Buselektrikue antzerki taldeak
Bermeotarrek 'Añenak publikoari' antzezlanagaz lortu dute saria; taldekideak "oso pozik" daude sariagaz, "ez zutelako espero".
Debagoieneko Antzerki Plataformak (DAP) antolatutako Afizioz antzerki amateurraren lehiaketaren bigarren saria jaso du Buselektrikue antzerki taldeak. Bermeotarrek Añenak publikoari antzezlanagaz lortu dute saria. Zapatuan izan zen Elgetan DAPek lehenengoz antolatu duen lehiaketa, eta Bermeoko taldeagaz batera, beste lau talde izan ziren lehian: Tolosako Katiuska antzerki taldea (Armiarma), Debako Goaz antzerki taldea (Bilakatu), DAP Oñati Helduak taldeak (Ez, ez naiz akordaitten) eta Iker Plazaola oñatiarrak (Agur Dramak).
Taldekideak “oso pozik” daude bigarren sariagaz, “ez zutelako espero”. “Oraindik ere asimilitzan” ari direla esan du taldeko kide Iker Gonzalezek. Gainontzeko antzerki taldeen maila “oso ona” izan zela adierazi du: “Gure galdera zen, hau zer da afizioz edo ofizioz? Urte asko lanean daramaten antzerki taldeek parte hartu dute, eta, hortaz, euren maila nabaria zen”. Egun osoko lehiaketa izan zen zapatukoa; hala, gainontzeko taldeekin berba egin eta eztabaidatzeko aukera ere eduki zutela dio: “Esaten ziguten gure antzezlana nahiko garaikidea zela; izan ere, beste ikuspuntu eta beste formatu bat dakargu. Oholtzatik jaisten gara eta publikoarekin jolasten dugu, eta jendeari gusta egiten zaio interakzioa. Proposamen berri bat izan da”.
Gonzalezek azaldu du sari honek erakusten duela badaudela gauzak egiten; “egiten duguna kalitateagaz egiten saiatzen gara”. Saria indarrak hartzeko “aintzatespena” dela nabarmendu du, “askotan arazoak eta oztopoak aurkitu baitituzte bidean”.
Lehenengo lehiaketa izan da Buselektrikue antzerki taldearentzat, eta lehenengo kontaktua izan dute, gainera, ingurutik kanpoko publikoagaz, orain arte herrian bertan eta inguruko herrietatik baino ez direlako mugitu, “gauza txikiak eginez”. Ate bat ireki zaiela uste dute, beste talde batzuekin harremanetan egoteko eta besteek daukaten maila ikusteko baliagarria izan zaie. Eneritz Artetxeren bidez eduki zuten lehiaketaren berri, eta izena ematea erabaki zuten.
“Lan handia egin dugu eta ordu asko sartu ditugu. Materiala edukita, mugitzea erabaki genuen. Asmoa antzezlan honegaz beste saio batzuk egitea ere bada. Badakigu, gainera, Bermeon jendea geratu dela antzezlana ikusi barik, eta ikusteko gogoz daudela. Erraza ez bada ere, gustatuko litzaiguke Bermeon beste saio bat egitea”, azaldu du Gonzalezek.
Afizioz antzerki amateurraren lehiaketaren helburua euskarazko antzerki sorkuntza sustatzea eta sortzaileen lana ezagutzera ematea da, antzerkia modu amateurrean lantzen duten taldeen jarraitasuna bultzatzeaz gain. “Antzerki amateurrak jende ugari mugitzen du Euskal Herrian, sortzaile profesional asko hortik hasten dira, eta beraz, horren aldeko apostua ezinbestekoa ikusi dugu”, azaldu dute DAPetik.
Buseletrikue Antzerki taldeak iaz estreinatu zuen Añenak publikoari antzezlana, Udaberri Kulturalaren baitan. Antzezlanak Peter Handke idazleak idatzitako obraren euskarazko egokitzapen librea da. Aktoreak honakoak dira: Iñaki Lauzurika, Gaizka Aurrekoetxea, Biotza Zabala, Adiran Casina, Miren Goienetxea, Agor Güena, Iker Gonzalez, Leire Balenciaga, Marijose Altonaga eta Arantza Gotxi.
Gonzalezen esanetan, euren antzezlana “nahiko desberdina” da, eta horrek egiten du “erakargarri”: “Gu ez gara aktoreak, gure leloa hurrengoa da: gu gara gu. Antzerkietan ikusten den hori, ez da gure obran ikusten. Publikoa pentsatzen jartzen dugu”.
Aurten, beste behin ere, udaberri kulturala antolatzeko “gogoz” daude. Urtarriletik dabiltza lanean, baina oraindik datak zehaztu barik dauzkate. Lehiaketara begira egon direnez, udaberri kulturalaren antolaketa lanak apur bat utzita izan dutela aipatu du Gonzalezek, baina orain “buru-belarri” lanean jarriko dira udaberri kulturala antolatzeko lanetan.