Hirukide aurkeztuko dute eguenean
Euskadiko Familia Ugarien Federazioaren aurkezpena 18:00etan izango da Gizarte eta Kultura Etxeko hitzaldi aretoan; bertaratu ezin direnentzako informazio puntua egongo da 09:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara, leku berean.
Hirukide Euskadiko Familia Ugarien Federazioaren aurkezpena egingo dute eguenean (martxoak 16), Gizarte eta Kultura Etxeko hitzaldi aretoan. Aipatu aurkezpenean erakundearen zerbitzu eta jardueren berri eman, familia ugarientzat Bizkai, Araba eta Gipuzkoan dauden eskubide, laguntza eta hobari publikoen informazio zehatza eskainiko da eta familiek dituzten zalantza, iradokizun eta erreklamazioei erantzungo zaie, besteak beste. Aurkezpena 18:00etan izango da, baina bertaratu ezin direnentzako informazio puntu bat jarriko dute, 09:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara, leku berean.
Azaldu dutenez honakoak landuko dituzte: familia ugaria izateagatik dauden eskubideak, laguntzei/hobariei, baimenei… buruzko zalantzak argitzea, seme-alabak hazteko eta mantentzeko laguntza berriari buruzko berrikuntzak, familien Lege Berriaren aurreproiektuari buruzko informazioa, zein laguntza/deskontu dauden Bermeon, Bermeoko familia ugarien egoera eta premiak, federazioaren lana eta familien ekarpenak.
Era berean, azken hilabeteotan eta urteetan kolektibo horri zuzenduta izan diren berritasunak azalduko dituzte, “familia ugari askok ez baitituzte ezagutzen”: Argiaren Bonu Soziala eta termikoa, pasaportea eta NA egiteko tasen salbuespena eta seme-alabak hazteko eta mantentzeko laguntza berriak zabaltzea familia ugarientzat.
Gogorarazi dute, Hirukide GKE apolitiko eta akonfesionala dela. Eusko Jaurlaritzak 2003. urtean aitortu zuen Onura Publikoko Elkarte gisa. Bizitza politiko, instituzional, sozial, mediatiko eta enpresarialeko esparru guztietan kide ugariko familien eskubideen alde egiteko helburua dauka. Kide ugariko 8.300 familiak baino gehiagok (43.000 bazkide inguruk) osatzen dute, eta bazkide izateko baldintza bakarrak dira Kide Ugariko Familia Titulua edukitzea edo eduki izana eta Euskal Autonomia Erkidegoan bizitzea. Egun, titulua indarrean daukaten familien %30 baino gehiago Hirukideren baitan daude.