Sandinderi: "Etxanoberen agerraldiak gure aldarrikapena indartzen du"
Sandinderikoek diote, Etxanobe diputatuak esandakoaren arabera, aldundiak hasieratik eduki duela "Abiña enklabe bat ez dela esaten duen" Institutu Geografiko Nazionalaren txosten bat.
EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak eskatuta, Elixabete Etxanobe Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako diputatuak Bizkaiko Foru Aldundiak Abiñako San Antonio auzoaren inguruan duen jarrera azaltzeko agerraldia egin zuen martitzenean Bizkaiko Batzar Nagusietan. Horren aurrean, Abiña berreskuratzeko lanetan ekinean dabilen Sandinderi plataformakoek «harridura» agertu dute Etxanobek bertan aurkeztu zuen datu baten aurrean: «Esan zuenez aldundiak hasieratik eduki du Abiña enklabe bat ez dela esaten duen Institutu Geografiko Nazionalaren txosten ofizial bat». Gaineratu dute txosten horrek “erabat babesten” dituela Sandinderi plataformaren argudioak, eta, hortaz, Etxanoberen agerraldiak “euren aldarrikapena indartu baino ez duela egiten” uste dute.
Erakunde ofiziala den Institutu Geografiko Nazionalaren txostena izanik, plataformako kideek ez dute ulertzen zergatik aldundiak ofiziala ez den erakunde pribatu baten esku utzi zuen txosten berri bat egitea, beste txostenaren kontrakoa esaten duena. “Epaian ez dago Institutu Geografiko Nazionalak egindako txosten horri buruzko aipamen txikienik ere, eta auzitegiak, berriz, txosten pribatua jotzen du garrantzi bereziko elementutzat”.
Sandinderikoek gogora ekarri dute epaian auzitegiak esaten zuena, hau da, “jurisdikziopeko itsasoak soilik eragin dezakeela etena”. Uste dute, hortaz, auzitegiak Institutu Geografiko Nazionalaren txostenaren berri izan balu, “Mundakan amaitzen den jurisdikziopeko itsasoaren kokapen zehatzaren berri izango zuela”. Sandinderi plataformakoek sorreratik defendatu dute inoiz ez dela enklaberik egon, eta “itsasoa asmatu dutela estuarioa dagoen lekuan”. Hala ere, horien esanetan, alderdietako batek ere ez zuen Institutu Geografiko Nazionalaren aipatu txostena auzitegiaren esku utzi, “ez dago zantzurik”.
Eusko Alderdi Jeltzaleagaz (EAJ) batzarrak izan dituzten arren, Etxanoberen agerraldira arte “Abiña enklabe bat ez dela” esaten duen Institutu Geografiko Nazionalaren txosten hori ez dietela «inoiz aipatu» kritikatu dute, are gehiago, “gure argudioak zalantzan jarri dituzte”. Hori guztia kontuan hartuta, uste dute “logikoena dela pentsatzea” Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak ere ez zuela txosten horren berririk izan, “funtsezko froga modura erabiltzeko”.
“Froga berria”. Orain azaleratu den txosten hori “froga berri bat” dela diote, eta “epaia berrikusteko errekurtsoa jartzeko arrazoietako bat” izan daitekeela uste dute. Horregatik, horien iritziz, “bide judiziala sakon aztertu” beharko litzateke, “martitzeneko agerraldian Etxanobe diputatuak esandakoaren aurka, auzia ez baitago erabat zarratuta”.
Sandinderi plataformako kideek argi daukate egoera berregitea “borondate kontua” baino ez dela: “EAJren borondatea, hala ere, Abiñaren prozesua hasi zeneko berbera dela ematen du, eta prozesu osoan izandakoa. EAJk Sukarrietari eragindako kalte izugarria sendotzeko erabakia hartu du”.
Gertatu den guztia kontuan izanda, Sukarrietarako “EAJren udal gobernuaren alternatiba baten beharra” dagoela ikusi dute, eta hurrengo udal hauteskundeetara begira, zerrenda independente bat aurkeztuko dutela adierazi dute.
Horien ustez, Abiña ez da udala aldatzeko arrazoi bakarra. “Gertatutakoaren ondoren, espero dugu hautesleek zein EAJren jarraitzaileek ulertzea herri gisa gutxieneko duintasuna baldin badaukagu, ezin diogula alderdi bati gure konfiantza eman, are gehiago, Etxanoberen agerraldian berriro erakutsi da, ematen duela gure herriari bidegabe eragindako kalte historiko, sozial eta ekonomikoaren erantzulea dela”.