CO2aren isurketak 300 tona murrizteko erronka jarri du Ekoetxea Urdaibaik
Erronka kolektiboa izango da datozen lau hilabeteetakoa. Aplikazio mugikor baten bitartez, erabiltzaileek euren isurketak ezagutu eta zenbatu ahalko dituzte.
Ekoetxea Urdaibaik erronka bat jarri die herritarrei, uda baino lehen CO2aren isurketak 300 tona murriztea, hain zuzen ere. Diotenez, herritarrek rol erabakigarria daukate “klima aldaketari eta horren ondorioei aurre egiterakoan”. Uste dute kontzientziazioa askotan “ez dela nahikoa” izaten, eta zelan jokatu behar den jakitea “funtsezkoa” izan daitekeela aipatu dute.
Horregatik, ekainaren 30era arte, Urdaibai Biosfera Erreserban bizi diren pertsonek parte hartu ahalko dute #UrdaibaiErronka-n. Eskualdeko udalerrietan bizi diren 16 urtetik gorakoek parte hartu dezakete, eta baita ere Urdaibai zaintzen lagundu gura dutenek.
Modu “erraz” batean parte hartu ahalko da. The Planet App izena daukan aplikazio mugikor baten bitartez, erabiltzaileek euren bizi-ohiturei lotutako berotegi efektuko gasen isurketak zenbatu ahalko dituzte, hau da, “etxebizitzatik, erabiltzen dituzten garraioetatik, elikaduratik edo euren bizimodutik datozen isurketak”.
Pertsona bakoitzak “bere keinu jasangarrien plana» zehaztuko du aplikazioan, «egiteko prest dagoenaren eta bere ustez egin dezakeenaren arabera”. Ekintza bakoitza (eskaileretatik igotzea, ontzi-garbigailua beteta dagoenean jartzea…) tipifikatuta dago sortzen duen karbono aztarnagaz, eta, hortaz, pertsona bakoitzak aurrezten duena zenbatzen du, “bere egiten dituen erronken arabera”. The Planet App euskaraz eta gaztelaniaz eskuratu daiteke.
Ikasteko gunea ere. Isurketak neurtu baino gehiago egiten du aplikazioak, ikasteko gune txikiak ere baditu. Hala, ingurumen kontzientzia sortzen den bitartean, erabiltzaileek puntuak erabili ahalko dituzte: prestakuntza-pilula batzuk izango dituzte eskura (klima aldaketaren oinarriak, Garapen Jasangarrien Helburuei eta 2030 Agendari buruzko sarrera, besteak beste), eta horren ostean eduki bakoitza ebaluatzeko galdetegiak beteko dituzte. Horri esker, puntuak irabaziko dituzte eta eskura dauden sarien enkantean parte hartuko dute ( asteburu bat landetxe batean, zetazeoak ikusteko irteera…).
Prestakuntza horietan aurrera egiteak eta ohitura gehiagorekin konprometitzeak mailaz igotzea dakar. Hala, bakoitzak bere aurrerapenak egiaztatu ahal izango ditu eta bere emaitzak alderatu gainerako erabiltzaileekin.
#UrdaibaiErronka tokiko eragileak entzutera eta datuak bertoko biztanleen artean biltzera zuzendutako lan baten zati da. Esperientzia presentzialak ere edukiko ditu. Lehenengo esperientziaren helburua izango da kontsumitzaileei ekoetiketatzeari buruzko prestakuntza ematea. Hala, hurbilagotik ezagutu ahalko dute erosten dituzten produktuek euren osasunean eta ingurumenean sortzen duten inpaktua. Bigarren hitzordua ekainaren 25ean izango da, Tokiko Ekoizleen Azoka egingo dute, bertoko ekoizleen produktuekin; sariak lortzeko aukera ere egongo da.
Ekoetxea Sareak “espazio estrategiko” bihurtu gura ditu bere zentroak, eta eraldaketa batean sartuta daude. Interpretazio zentro izatetik ingurumen zentro izatera igaro dira Ekoetxeak, “pertsonak erdigunean jarrita”. Helburua da herritarrak euren pentsaera eta jokaera aldatzera bultzatzea, “ohitura jasangarriagoak eta ekologikoagoak hartzen lagunduz”.