Etxanobek dio aldundiak ez duela Abiñako San Antoniogaz lotutako espedienterik zabalduko
EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak eskatuta, Elixabete Etxanobe Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako diputatuak agerraldia egin du gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan.
Beste behin ere, Abiñako San Antonio izan dute hizpide Bizkaiko Batzar Nagusietan. EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak eskatuta, Elixabete Etxanobe Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako diputatuak agerraldia egin du gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan. Etxanobek esan du Bizkaiko Foru Aldundiak eutsi egingo duela, eta ez duela Abiñagaz lotutako espedienterik zabalduko.
Hain zuzen ere, atzokoa aldundiak Abiñako San Antonio auzoaren inguruan duen jarrera azaltzeko agerraldia izan da. Izan ere, aipatu auzoak Sukarrietako kide izateari utzi zion Batzar Nagusietako osoko bilkura baten erabaki baten ondoren, eta “hainbat ebazpen judizial irmoren” ostean.
Espedientea “artxibatuta” dagoela esan du Etxanobek, “eta ezin dela berriro zabaldu”. Auzia, gainera, “epai irmoz” epaituta dagoela gogorazi du eta, dioenez, “aldundiak, une honetan, ez du inolako administrazio izapiderik egiteko gaitasunik”. Etxanoberen esanetan, “ez da borondate kontua, legezkotasunarena baizik”. Mota horretako auziek herritarrengan “haustura eta mina” eragiten dutela badakiela aipatu du, hala ere, bide judizialaren aldeko apustua egin aurretik “akordioak lortuz saihestu zitekeela” nabarmendu du.
EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak gogorarazi dute 2022ko martxoaren 11n, Abiña berreskuratzeko lanetan dabilen Sandinderi plataformakoek Herritarrekiko Eskaera eta Harremanetarako Batzordean parte hartu zutela, eta haiek adierazi zutela “Abiña Busturiari emateko hartu zuten erabakia, informazio okerra eta oinarri faltsuak oinarri hartuta hartu zela”.
Ondoren, 2022ko maiatzaren 6an, Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakekiko Hartu-Emanetarako Batzordeak atzera bota zuen Abiña Busturian sartzeko erabakiari buruz aldundiari txosten teknikoa egitea eskatzeko EH Bilduk egin dako proposamena.
Aldundiko zerbitzu juridikoei galdetu ondoren, “plataformak batzorde horretan eman zuen informazioa epaitua izan dela” defendatu du Etxanobek, eta gogorarazi du “esku hartu zuten alderdi guztiek emandako informazioan oinarritutako epai judizial batekin amaitu” zela auzia. Hala, Etxanobek dio “ez dagoela aztertu edo epaitu ez den egitate berririk”.