Bakearen aldeko musika jaialdia, Gernika-Lumon
Gernikaldea-Udaibaiko parrokiek antolatutako Bakeari kanta! Bakearen aldeko musika jaialdia izango da barikuan (otsailak 24), 19:00etan, San Frantzizko elizan. “Ukrainaren inbasioaren lehen urteurrenagaz bat eginez, Bakearen aldeko topaketa ospatuko dugu Gernikan. Gure herrian, azken urteotan, musika, eta, batez ere, abestutako letren mezua, askotariko indarkeriaren aldeko jarrerak zei bakearen hazia defendatzeko edo zabaltzeko bidea izan da. Estilo desberdinetako kantu horreetako batzuk adituko dira Gernikako Parrokian. Bertan, adiskidetzearen eta bakearen aldeko hitzaldi eta ekimen ugari egin izan dira, eta bariku honetan beste keinu txiki bat egingo dugu, musikaz lagunduta”, azaldu dute antolatzaileek.
Hain zuzen ere, inguruko hainbat abeslariren eskutik, aurtengo formatua bakearen aldeko abestien jaialdia izango da, hainbat hizkuntzatan. “Musika onaren zale eta Bakearen eraikitzaile guztiei” zuzendutako topaketa irekia da. Bakearen aldeko lehenengo topaketa 2009an egin zuten, Bolibarretik Ziortzarako martxagaz, Bizkaiko beste parrokia batzuekaz batera, eta milaka lagun batu ziren. Gero formatua aldatuta, “topaketa gogoetatsuagoak” antolatzen hasi ziren.
Barikuko egitarauari dagokionez, Juanjo Elezkano kantautore eta Bermeoko parrokoagaz hasiko dute jaialdia, talde batek lagunduta, Bakea, bakea kantuaz, gitarraz lagunduta. Ondoren, Miren Karmele Agirre Mundakako ordezkaria ariko da, fusilatu zuten bezperan Lauaxetak idatzi zuen Agur, Euzkadi! poema abesten. Gero, Gernikaldeko herrietako liturgi ospakizunen arduradunek Maitasuna “abesti klasikoa” kantatuko dute.
Ondoren, Caritas Gernika alkarteko boluntarioek eta Gernika-Lumoko katekesiko neska-mutilek parte hartuko dute, Bizian Gora taldeko emakumeek gitarraz lagunduta. Jaialdia San Fidel Ikastolako eta Gernikako Mertzede ikastetxeko abesbatzen emanaldiagaz amaituko dute.
Jarraian, islamaren, kristau ortodoxoen eta katolikoen ordezkariek otoitz bat partekatuko dute: “Erlijioek bakearen aldeko zubiak eraikitzen lagundu behar digutela adierazteko izango da. Erlijioak ez luke inoiz bakerako arazo edo eragozpen izan behar. Ekitaldia amaitzeko, bertaratutako guztiek Bake-mina klasikoa abestuko dute”, esan dute antolatzaileek.