Ura Gara talde ekologista sortu dute Bermeon
Ura Gara elkartea aurkeztu dute gaur, Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean. Ingurumena errespetatzeko eta zaintzeko hainbat esparrutan egin daitezkeen ekintzen proposamenak luzatu dituzte, euren esperientziak kontatuz. Bertaratutakoek ere hainbat ekarpen egin dituzte.
Ura Gara elkartea aurkeztu dute goizean, Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean. Talde ekologista da, partekatzeko topagunea, herrira, herritarrei zabalik dagoena, eta ingurumenarekiko jarrera jasangarriak izan eta bultzatzeaz gain, kontzientziak pizteko helburua ere badaukana: “Mundu hobea egin eta pertsona hobeak izatea da denon helburua. Uste dugu norberaren etxetik, herritik hasi behar garela. Adibidez, etxean kimikorik gabeko detergenteak erabiltzea edota garbiketarako substantzia kimiko gutxiagoko produktuak erabiltzea pauso bat da”. Hain zuzen ere, pausoz pauso joan, eta indarra hartzea espero dute.
Ingurumena errespetatzeko eta zaintzeko hainbat esparrutan egin daitezkeen ekintzen proposamenak luzatu dituzte, euren esperientziak kontatuz, eta taldeari buruzko azalpenen osteko solasaldian, bertaratutakoek ere iritziak, ekarpenak, gogoetak zein galderak partekatu dituzte. “Uraren parte gara, naturagaz bat eginda gaude eta naturak etengabe zaintzen gaitu. Horren guzti horren kontzientzia eduki behar dugu”, esan dute elkarteko kideek.
Talde ekologistakoek udalerriko hainbat txokotan botatako eta utzitako hondakinen eta zaborren (plastikoa gehienbat) argazki bilduma ere erakutsi dute: futbol zelai inguruan, Baztarren, Zarragoitxiko eskaileretan… “Plastiko horiek itsasora doaz; kalean edo edozein bazterretan pilatzen diren hondakin gehienek uretan amaitzen dute. Gaurkoa adibide bat baino ez da, aurreko asteko eguen arratsaldean ateratako argazkiak dira. Plastiko zatiak, latak, zigarrokinak, koltxoiak, obretan edo udaltzainek erabiltzen dituzten zintak… Pasealdi batean topatu ditzakegu”. Esan dutenez, udalak ez ditu behar diren bitartekoak edo baliabideak ipintzen, eta hainbatetan arazoari buruz galdegin dute udalean.
Hondakin gutxiago sortzeko erronkari heldu diote taldekideek, eta, horretarako, besteak beste, kontsumo jasangarria eta arduratsua oinarrizkoa dela gogoratu dute. Elkarteko kide batek bere esperientzia kontatu du; orain dela pare bat urtetik erosketak egiteko modua aldatu du: tuperrak eroaten ditu arraindegira eta harategira, eta gainontzeko elikagaiak edo etxerako produktuak ontziratu gabekoak eta soltean erosten ditu. Orain, askoz ere zabor gutxiago sortzen duela nabarmendu du: “Merezi du. Gauza progresiboa izan da. Planifikazioa behar da; erosketak beste modu batera egiten ikasi behar izan dut. Uste dut jendeak interesa daukala. Hau ez da moda edo kapritxoa, beharra, premia da”.