"Gure fakturekin ari dira aberasten"
Jauzi Ekosoziala dinamikak deitutako elkarretaratzean batu dira gaur (otsailak 18), Ean. Bidezkoa eta demokratikoa izan behar duen trantsizio ekologikoari ekiteko aldarriak plazaratu dituzte.
Jauzi Ekosoziala dinamikak Haien luxua, gure faktura lelopean hasi du energia eta klima krisia osotasunean jorratuko dituen kanpaina, gaur (otsailak 18). Euskal Herriko hainbat lekutan mobilizatu dira, tartean, Ean elkarretaratzean batu dira.
Eskolondo aurrean elkartuta, bidezkoa eta demokratikoa izan behar duen trantsizio ekologikoa aldarrikatu dute, eta helburu hori lortzeko giltzarri diren eskaerak plazaratu dituzte: pobrezia energetikoa gelditzea, energia publikoki eta sozialki kontrolatzea, erregai fosilekiko menpekotasunagaz amaitzea eta luxua mugatzea. “Argi dugu egiturazko aldaketa ezinbestekoa dela, eta horrek sakoneko aldaketak dakartzala”.
Esan dute energia oinarrizko eskubidea delako, denon ongizatea bermatuta egon behar dela, eta uste dute “diru-sarreren %10 baino gehiago” energia hornikuntzan gastatu behar duten familiak “energetikoki pobretzat hartu beharko liratekeela”. Energiak ezin duela esku pribatuetan jarraitu azpimarratu dute: “Energiaren sektorea oligopolioaren esku dago; ez dago merkatu lehiakorrik, oligopolio hori osatzen duten enpresek esku hartzen, erabakitzen eta konfiguratzen dutelako. Horrela, energiaren prezioa merkatuko energia garestienaren arabera ezartzen dute, nahiz eta ekoizpen kostuak askoz baxuagoak izan. Zaurgarritzen gaituzte gure bizkar dirua metatzen duten bitartean. Iberdrolak 2022an 3.600.000.000 euroko irabaziak izan zituen gure lurraldean 100.000 lagun pobrezia energetikoan dauden bitartean. Gure fakturekin ari dira aberasten. Oinarrizko eskubidea izan beharko luke eta ez negozioa”.
“Argi dugu egiturazko aldaketa ezinbestekoa dela, eta horrek sakoneko aldaketak dakartzala”
Gogoratu dute gero eta gehiago direla argindarraren faktura ordaindu ezin dutenak, eta argindarraren prezioaren igoeraren zein gainontzeko baliabide energetikoen garestitzearen ondorioz, bestelako zerbitzu eta produktu askoren prezioak igo dituztela. “Pobrezia energetikoak gizarteko sektore batzuk bereziki kolpatzen ditu: gazteak, emakumeak, arrazializatuak eta migratuak, bereziki egoera irregularrean daudenak, …”, azpimarratu dute. Eman duten datuaren arabera, “hamar familietatik batek” argindarraren faktura ordaintzearen edo jatekoa erostearen artean aukeratu behar du. Egungo “gehiegikeriekin eta desberdintasunekin” amaitzeko, administrazio publikoaren esku uztea eskatzen dute, elektrizitateak zerbitzu publikoaren funtzioa berreskura dezan.
Euskal Herria kanpoko erragai fosiletatik eratorritako energiarekiko “guztiz menpekoa” dela, eta, dagoeneko, “aurrekaririk gabeko” klima aldaketan murgilduta gaudela gogora ekarri dute. “Zibilizazio modernoan %80an petroleoan, gas naturalean eta ikatzean oinarritzen da”.
“Goitik kontsumoa” jeisten, luxu zentzugabeenak murrizten hasteko momentua dela diote: “Kultura modernoan arrakasta pertsonala zein soziala luxuarekin lotzen da. Eta luxuzko kultura horrek ikaragarrizko energia-kontsumoak dakartza”. Baliabideen eskasiagaz, gauzak aldatu ezean, desoreka “sakondu baino ez dela” egingo uste dute: “EAE-ko bataz besteko C02 aztarna 8,8Tn-koa da, hego EHko pertsona gehienen bizimodua ere ez da jasangarria eta erronka handia dugu horri buelta emateko. Neurriak berehala hartu ezean, hurrengo urteetan milioika pertsonari bizirauteko aukera kentzen egongo ginateke”.