BaSOS elkarteak eta Lurgaia Fundazioak bertoko espezieak landatuko dituzte Muruetan
Aretxak, ereinotzak, elorri zuriak, urritxak, arteak... landatuko dituzte domekan (otsailak 19), eta jardunaldian parte hartzeko posta elektronikoz aurretiaz izena eman behar da.
BaSOS Elkarteak eta Lurgaia Fundazioak deialdi bateratua zabaldu dute; domeka honetan (otsailak 19) bertoko arbolak landatuko dituzte Muruetan zaintzapean daukaten lursail batean. 09:30ean Kamiñoko jatetxeko aparkalekuan elkartuko dira, eta oinez joango dira lursailera.
Orain dela gutxi ere Muruetan aritu ziren. “Pinudi bat botatako eremua da; aurrekoan alboko lursail batean egon ginen landaketa egiten, eta hau haren jarraipena izango da. Ez daude alkarren ondoan, baina, hurbil dagoen beste eremu bat da”, azaldu dute BaSOS Elkarteko kideek. Aurreikusi dutenaren arabera, 13:00ak aldera arte ariko dira.
Lehenengo saio hartan modura, oraingo honetan ere, aretxak, ereinotzak, elorri zuriak, urritxak, arteak… landatuko dituzte. Aurrekoan 300 bat landatu zituzten, eta domekan ere antzeko kopurura heltzeko asmoa daukate.
Izen ematea. Jardunaldian parte hartzeko gonbidapena luzatu diete eskualdeko bizilagunei. Horretarako, basoaksos@protonmail.com edo info@lurgaia.org helbide elektronikoetara mezua idatzi behar da.
BaSOS Elkartea eta Lurgaia Fundazioa lehenengoz ari dira elkarlean. Hartu-emana badaukate, baina bakoitzak bere jarduerak egiten ditu. Hain zuzen ere, Urdaibain sortutakoa da BaSOS Elkartea, eta kideek kontzientziazioa lantzeko zenbait jarduera egiten dituzte. “Baso landaketak egiten hasi gara, baina ez da gure helburu bakarra. Gurea gehiago da bertoko basoak zaintzeak eta bultzatzeak daukan garrantziaren kontzientzia piztea jendearengan, mezu hori jendearengana heltzea”.
Horretarako, besteak beste, hitzaldiak eta tailerrak antolatu izan dituzte: “Helburu hori lortzeko jendea hurreratzeko beste era bat da landaketak egitea. Agian, Lurgaia gehiago hurbiltzen da Bilboko edo hemendik kanpoko jendearengana; ikusten dugu berton jende askok Lurgaia arrotz moduan ikusten duela. Bertoko jendea apur bat mobilizatu gura dugu, berton lursailak dituen jendeari pentsarazi eta euren lursailekin zer egin ahal dutenari buruzko alhokuak eman. Gure esparrua Urdaibai da, lanketa horrek egiteko hori daukagu eremutzat, eta inguruko antzeko elkarteekaz eta Baso Biziak plataformagaz harremanetan gaude, elkarrekin gauzak ere egiten ditugu”.