Bizkaiko Tutoretza Erakundea ordeztuko duen Gaikuntza erakunde publikoa sortu dute
Bizkaiko Batzar Nagusiek gaur (otsailak 15) onartu dute Gaikuntza erakunde publikoa sortzea.
Laguntza Neurriak Emateko Institutua, Gaikuntza, barne hartzen eta arautzen duen Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailaren testua onartu dute gaur (otsailak 15) Bizkaiko Batzar Nagusietan. Erakunde publiko horrek orain arteko Bizkaiko Tutoretza Erakundea (BTE) ordeztuko du. Arau testu berriak foru araudia egokitu du, 8/2021 Legea indarrean sartu zelako. Lege horrek “ezgaitze judiziala ezabatu” zuen, eta, ondorioz, urriaren 31ko 9/2000 foru araudia aldatu behar izan dute: “Foru arau berri horrek Bizkaiko Tutoretza Erakundea sortzeko Foru Arauaren edukia desgaitasunaren paradigma eta esparru juridiko berrira egokitzen du”.
Hain zuzen ere, hogei urte baino gehiagoz, BTEren ardura izan da Bizkaian bizi diren adin nagusiko pertsonen tutoretza eta kuradoretza, “ebazpen judizial baten bidez haien gaitasuna aldatu egin baita, bai eta gaitasuna aldatzeko prozesu baten mende daudenak auzitegietan defendatzea ere”.
Gaur Foru Ganberak onetsitako foru arauaren proposamena sei artikulutan egituratuta dago, eta bere helburu nagusia da “tutoretza ordeztea gaitasun juridikoa gauzatzeko laguntza sistema berri batekin”; pertsonaren eskubideak, borondatea eta lehentasunak errespetatzen ditu sistema berri horrek. Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuak azpimarratutakoaren arabera, “paradigma berri bat da desgaitasuna duten pertsonentzat, maila juridikoan eskubideen titularrak dira beti eta guk laguntza emango diegu”.
Gaikuntzan tutoretza kenduko zaie adinez nagusikoei. Hala ere, laguntza eta ordezkaritza kuradoretzak aurreikusi dituztela azaldu dute: “Ordezkaritza kuradoretza salbuespenetarako izango da soilik, Foru Institutuak emango dituen laguntzazko neurri judizial gisa”.
Foru diputatuak onetsi berri den Foru Arauan jasotako beste aldaketa garrantzitsu bat nabarmendu du: “Justiziak egin beharko du pertsona bakoitzaren neurrira egindako jantzi bat, desgaitasuna duen pertsonak bere gaitasuna baliatzeko behar duen laguntza judizial zehatza ezarrita, eta aldundiak erakunde horren bidez erantzun beharko du. Erakunde guztiak lerrokatzen ari gara, egiten ari garena eta hori nola egiten ari garen bateratzeko, laguntza behar duten pertsonei ematen dizkiegun erantzunak ahalik eta gehien pertsonalizatzeko“.