Bermeoko Udalak eta BBK-k bat egin dute, herrian eragin sozial positiboa lortu asmoz
Herriz Herri izeneko programaren bitartez, bermeotarrek BBK-k bultzatutako hiru proiektutan parte hartu ahalko dute: Eup!, Eten digitala tailerra eta Azokak.
Herrian eragin sozial positiboa lortzeko helburuz, Bermeoko Udalak eta BBK-k indarrak batu dituzte, eta Herriz Herri izeneko programaren bidez, Bermeon gizarte proiektuak bultzatzea adostu dute. Gaur goizean aurkeztu dute programa Bermeoko alkateorde Idoia Platasek eta BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendari Nora Sarasolak.
Programaren helburua da, hain zuzen ere, aukera-berdintasun, gizarteratze eta lehiakortasun jasangarriaren eta Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) ikuspegitik lurraldearen garapenaren alde egiten duten ekintzak lantzea. Modu horretan, azaldu dutenez, urte honetan bermeotarrek, Herriz Herri ekimenari esker, BBK-k bultzatutako hiru proiektuz “gozatu” ahal izango dute, eta horietan parte hartu: Eup!, Eten Digitala tailerra eta Azokak.
Eup! merkatariei zuzendutako prestakuntza saioak dira, beren trebetasun digitalak hobetu ditzaten; horretarako, beraien garapen digitala bultzatzen lagunduko diete, eta tokiko merkataritzaren eskaria sustatzeko edo beren salmenta-kanalak zabaltzeko tresnak eskainiko dizkiete.
Bestalde, Eten Digitala izeneko tailerretan eten edo arrakala digitalak heldu eta adinekoengan dituen ondorio negatiboak minimizatzeko lan egiten dute, beren telefono mugikor eta kolektiboarentzat interesgarriak diren aplikazio batzuen (SOS Deiak, Osakidetza, WhatsApp , online banka) oinarrizko erabileraren bidez.
Azkenik, Azokak proiektuari esker, udalak BBKren laguntza izango du azokak antolatzerakoan, lehen sektorearen bideragarritasuna bermatuz, zuzeneko salmenta-kanalak herritarrengana hurbilduz eta tokiko produktuei eta kontsumo arduratsuari balioa emanez.
Oraindik tailerretarako datarik zehaztuta ez dagoela azaldu dute, hala ere, martxoa eta maiatza bitartean izango dira. Eup! barruko prestakuntza saioak dendetan bertan eskaintzen direla esan du Sarasolak, “dendariek denbora libre askorik ez daukatelako”. Eten digitaleko tailerrak, berriz, ziurrenik Gizarte eta Kultura Etxean izango direla aipatu du Platasek. Prestakuntza saio zein tailer guztiak doan eskainiko dituztela jakitera eman dute.
Parte hartzea eskatu. Platas alkateordeak herritarren parte hartzea eskatu du, “euren parte hartzerik barik programak zentzurik ez duelako”.
Sarasolak azaldu du, proiektu honen bitartez, BBK-k bizkaitarren “kohesio eta ongizatearekiko konpromisoa” adierazten duela: “Herriz Herri ekimenagaz, udalekin elkarlanean, proiektuak garatuko ditugu lehen sektoreari laguntzeko, adinekoen bakardadearen aurka borrokatzeko, eten digitala murrizteko edo klima-aldaketaz kontzientziatzeko, gizarte osoaren erronkei aurre eginez”.
Herriz Herri ekimena Bizkaiko 80 udaletan baino gehiagotan egongo dela zehaztu du Sarasolak, eta erakundearen aldetik 36 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa duela.