Zaporeak elkartearen deialdiak "erantzun ona" eduki du Busturialdean
Zaporeak elkartearen deialdiagaz bat egin dute Busturialdeko zenbait herritar taldek, eta Turkiako eta Siriako lurrikarek kaltetutakoei elikagaiak bildatzeko bilketak egin dituzte Bermeon eta Mundakan. Antolakuntza lanetan aritu direnek herritarren ekarpenak nabarmendu, eta "balorazio oso ona" egin dute.
Turkian eta Sirian izandako lurrikarak kaltetutako errefuxiatuentzako elikagai bilketa egin du Zaporeak elkarteak asteburuan (otsailak 11 eta 12). Euskal Herriko hainbat udalerritan bat egin dute deialdiagaz, tartean Bermeon eta Mundakan.
Bermeotarrek 1.814 kilo batu zituzten San Frantzisko elizako arkupeetan egokitutako gunean; besteak beste, 645 litro esne, 354 kilo lekale, 286 kilo arroz eta 202 kilo pasta jaso zituzten. Ekarpenak antolatzen ibili direnek esan dute “pila bat jende” hurreratu zela produktuak eroatera, eta balorazio “oso ona” egiten dute: “Jende asko egon zen laguntzeko, eta jende askok ekarri zituen elikagaiak”.
Bermeokoa herritar talde baten ekimena izan da; gertutik ezagutzen dute Zaporeak elkartekoen lana: “Zaporeakoak janariak batzen zeudenaren berri izan genuen eguenean, eta hemen bildutakoa furgonetetan eroateko modurik bazegoen jakiteko deitu genien. Bizkaian biltegia zeukatela esan ziguten, eta bilketa egitea erabaki genuen, batez ere, Siriako errefuxiatuentzat”.
Mundakako Perondo Kultur Elkartekoek jendeari “etxe alboan” ekarpena egiteko asmoz antolatu zuten bilketa, eta kiloak zenbatu ez badituzte ere, herritarren erantzuna ona izan dela azpimarratu dute: “Batutako kiloen kontrol zehatza ez dugu egin, baina ondo joan da, balorazioa positiboa da. Aurrerago Ukrainarako bilketa egin genuen asteburu batez, eta gehiago batu zen; agian, gerragaz sentsibilizazio gehiago daukalako jendeak”. Desberdintasun hori lurrikaren ondorioak oraindino jendearengana “hain modu zuzenean heldu ez direlako” izan daitekeela uste dute: “Agian, zer pasatu den oraindino ez da ondo ikusten. Komunikabideek indar asko daukate, batez ere, telebistak, eta jendea gerragaz orain baino gehiago kontzientziatu zen, irudi gordinagoak zirelako eta denbora gehiago iraun duelako; uste dugu gerrak jendearengan inpaktu gehiago eduki zuela lurrikara honek baino. Komunikabideek ere zarata gehiago atera zuten, gerra mediatizatuago egon da. Hala ere, herriak ondo erantzun du, jendea oso eskuzabala da, eta pozik gaude”.