Bermeoko Udalak material berrerabilgarriz egindako 1.000 poltsa banatuko ditu
Zeurie be bada garbiketa kanpainaren barruan, zilarrezko paperaren erabilera murrizteko helburuagaz, material berrerabilgarriz egindako bokatak eramateko poltsak banatuko dizkiete ume eta gaztetxoei.
Zeurie be bada garbiketa kanpainaren 3.fasea hasi eta bi astera, Bermeoko Udalak hurrengo fase bat jarri du martxan, umeei eta gaztetxoei zuzenduta. Birziklatzearen garrantziaz kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko zein “gizalegezko jarrera eta jarrera egokiak” izan ditzaten zuzendu dira eurengana.
Kanpaina herriko ikastetxeetako ikasleen artean hondakinak murrizteko helburuagaz egingo dute. Horretarako, “material berrerabilgarriz egindako bokatak eramateko 1.000 poltsa” banatuko ditu, horrela, zilarrezko paperaren erabilera murriztea espero dute. “Izan ere, zilarrezko papera oso kutsagarria da, eta osasunarentzat kaltegarriak izan daitezkeen lurrun ugari isurtzen ditu atmosferara. Jakin badakigu, oro har, ikasleek hamaiketakoa zilarrezko paperean bilduta eramaten dutela ikastetxera, eta udaletik joera horrekin bukatu nahi dugu. Benetan kutsagarria den materiala da, eta ahalik eta gutxien erabili behar dugu. Argi utzi nahi dugu ez dugula nahi opari hau ahanzturan gera dadin, birziklatzeko ohitura bat sortzea da gure helburuetako bat”, azaldu du Aritz Abaroa Bermeoko alkateak.
Dioenez, udalaren erantzukizuna da, administrazio gisa, herritarrak birziklatzearen garrantziaz kontzientziatzea eta sentsibilizatzea. Horretarako, azpimarratu du “ezinbestekoa dela udalerria garbi eta ondo egokituta mantentzea” helburu duten horrelako ekimenen partedun egitea. Abaroak beste behin gogorarazi du “hondakinik onena sortzen ez dena dela”, eta, beraz, garrantzitsua dela behar baino gehiago ez sortzea: “Bermeok hondakin gutxi sortzen dituen herria izan behar du, eta guztiok gure esku dagoena egiten badugu, lor dezakegu. Bermeo guztiona da, eta guk zaintzen ez badugu, nork egingo du?”.