Zain dezagun Urdaibai: "Guggenheim Fundazioak ez luke proiektuagaz aurrera egin behar"
Zain dezagun Urdaibaiko kideek aurkezpen informatiboak egingo dituzte herriz herri, eta sinadura bilketa digitala ere martxan jarriko dutela iragarri dute. Gainera, eragile politikoekin batzartzeko asmoa agertu dute.
Zain dezagun Urdaibaiko kideek deituta, Urdabaiko Guggenheimaren proiektuari “aurre egiten hasteko” lehen ekintza burutu zuten Gernika-Lumo eta Murueta artean, atzo (osailak 12); bi udalerrien artean ibilaldia egin zuten. ZDUkoen iritziz, Guggenheim Fundazioak “ez luke inondik ere aurrera egin behar” Muruetarako daukan egitasmo horrekin, ezta Gernika-Lumoko eta Muruetako museoak lotuko lituzkeen bidearekin ere, “legeak debekatutakoak direlako ez ezik, itsasertzeko espazio jakin horrek dauzkan balioengatik eta baliook bizi duten egoera ahulagatik ere”.
Asteburukoa lehenengo ekintza izan bada ere, aurrerantzean, herriz herri egingo dituzte aurkezpen informatiboak, eta sinadura bilketa digitala ere martxan jarriko dutela jakinarazi dute. Eragile politikoekin batzartzeko asmoa agertu dute: “Atea zabaltzen diguten eragile politikoekin ere bilerak hasiko ditugu”.
Proiektua aurrera doalako kezkatuta daude. “New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Foundation delakoak Cooper, Robertson & Partners etxea kontratatu du, aipatzen ari garen leku horretan burutu asmo duen proiektua arkitekturaren aldetik zehazteko eskatuz”, azaldu dute.
Gogoratu dutenez, eraikitzeko eta urbanizatzeko hautatu duten aldea bioniztasuna babestea helburuen duen Europako Natura 2000 Sarearen barruan dago, Kontserbazio Bereziko Eremua da eta hezeguneen RAMSAR Hitzarmeneko Nazioarteko Zerrendan dago. Diote “arriskupean” dauden hainbat fauna-espezieren habitat baliotsuak daudela eremu horretan, adibidez, bertoko dortokak, arrain hiruarantza eta ur hegazti eta hegazti migratzaileak: “Horiek, hein handi batean, inguru honetan pausatu eta elikatzen direlako irauten dute bizirik”.
Gainera, Zain dezagun Urdaibaikoen ustez, Muruetako Ontziolari egindako kontzesioa “iraungita” dagoenez, eremua berreskuratu eta lehengoratu egin beharko litzateke: “Ingurua jabetza publikokoa da, nahiz eta horretan, egun, jabetza pribatuko ontziola bat daukaten atondurik. Ontziola eraikitzeko baimena 1943koa da, hau da, diktadura frankistaren gobernuko Lan Publikoetako Ministerioak emandakoa da. Itsasertzari buruzko 1988ko espainiar legeak debekaturik dauka horrelakoetan eraikitzea zein lekuok urbanizatzea. Lege horrek dioenaren arabera, itsasertzaren kontzesioak ezin daitezke izan inola ere betierekoak; luzeenez jota 5 urterakoak izan litezke. Hala bada, ontziolari egin zitzaiona iraungirik legoke. Eremua libre utzi, eta berreskuratu egin beharko litzateke, itsasertzeko ekosistemaren parte izatera itzultzeko, hain zuzen”. Lurzoruak berreskuratzea eta deskutsatzea kutsatu dituenaren erantzukizuna dela zehaztu dute, Ontziolaren titularra den enpresarena.
Enrike Zubiaren margolana. Bestalde, Enrike Zubiak oparitutako margoa ere aurkeztu dute. Hemendik aurrera, horixe izango da euren irudia: “Hemendik aurrera gure logo eta lelo izango da. Lelo interesgarria irakur daiteke margoaren ertzetan: Lehenago hemen bizi izan direnengatik… Orain hemen bizi garenengatik… Geroago hemen bizi izango direnengatik… Zain dezagun Urdaibai“.