Txitxiburduntzi, Busturialdean
Txitxiburduntzi edo basatozte eguna izan zen atzokoa (otsailak 12); udalerri batzuetan mendi buelta egin ostean, eguerdian batu dira herritarrak, eta beste batzuetan, berriz, arratsaldeko azken orduan piztu dituzte suak.
Eguerdiko eguzkiaren epeletan edo iluntzean su ondoan berotan. Txitxiburduntzi edo basatozte. Beste urte batez, Busturialdeko herritarrek ez diote hutsik egin aratuste aurreko hitzorduari, atzo (otsailak 12).
Busturiarrak Paresira, Errigoitiarrak Bizkaiganera, gautegiz arteagarrak San Lorentzora eta gernika-lumotarrak Lumora egin zituzten goizean ibilaldiak, eta eguerdian, helmugan, goxo jan zituzten erretako jakiak. Gernika-Lumon bi hitzordu eduki zituzten. Goizean, Goi Zale Mendi Taldekoek eta Allendeko Mendi Taldekoek egin zuten txangoa; 09:30ean udaletxe aurrean elkartu ziren 150 pertsona eta 6,5 km-ko ibilbidea egin zuten: Gernika, Santiago bidea, Ajangizko elizaldea, Maier, Lurgorri, Lumo. Gero, Lumoko txokoan denentzat egon ziren txorizo eta urdi bokadiloak. Arratsaldean, berriz, Elai Alai Dantzari Taldekoen eskutik batu ziren Lumoko plazan; besteak beste, umeentzako jolasak eta umeen eta helduen aulki dantza txapelketa egin zituzten.
Foruan, Muruetan eta Muxikako Ajurian, ostera, arratsaldean elkartu ziren bizilagunak. Esaterako, Muruetan Briska Txapelketa ere jokatu zuten, eta Ajurian umeen jolasak eta bingoa ere egin zituzten.
Argazkiak: Busturiko Udala, Foruko Udala, Gautegiz Arteagako Montorrealde Guraso Elkartea, Goi Zale Mendi Taldea, Muruetako Udala, Oxigastra Curtisii Kultur Elkartea eta Hitza.