Txitxiburduntzia egiteko batuko dira domekan bertoko zenbait herritan
Urteroko hitzorduari hutsik egin barik, suaren berotasunean txitxiburduntzia egiteko elkartuko dira Busturian, Errigoitin, Foruan, Gautegiz Arteagan, Lumon, Muruetan eta Muxikan
Euskal Herriko neguko usadio zaharrak bizirik dirau Busturian, Errigoitin, Foruan, Gautegiz Arteagan, Lumon, Muruetan eta Muxikan. Hala, txitxiburduntzi, basatozte edo sasikoipetsu modura ezaguna den eguna ospatuko dute domekan; izan ere, herri bakoitzean modu batera edo bestera da ezaguna.
Garizuma aurretik egiten zen ospakizuna lehen, aratusteen aurreko domekan. Tradizioak dioenez, egun horretan mendira joaten ziren herritarrak, sua prestatu eta zotz batean iltzaturiko haragiak, txorizoak, txistorrak edota beste txerrikiak sutan erretzeko.
Ohitura horrek bere horretan jarraitzen du eskualdeko zenbait herritan, beste batzuetan, berriz, egokitu egin dute. Kandelario, San Blas eta Santa Ageda atzean utzita dator, beraz, txitxiburduntzi eguna.
Busturian eta Errigoitin mendi martxak antolatu dituzte txitxiburduntziak egin aurretik. Busturiarrak Altamira auzotik abiatuko dira 09:00etan, eta Paresira iritsita piztuko dute sua, txorizo erreekin sabelak betetzeko. Errigoitin bi hitzordu jarri dituzte Bizkaiganera joan eta txitxiburduntzia egiteko. Ibilbide luzean joan gura dutenek 09:15ean egon beharko dute Eleizalden, eta 10:30ean abiatuko dira leku beretik, ibilbide laburrean joateko.
Montorre eskolako gurasoak eguraldiari begira egongo dira. Izan ere, eguraldi ona egiten baldin badu herriko plazatik abiatuta, San Lorentzora joango dira basatozte ospatzeko. Eguraldi txarragaz, aldiz, plaza inguruan geratuko dira.
Foruan, Gernika-Lumon, Muruetan eta Muxikan arratsaldean piztuko dituzte suak. Foruarrek, aurten, J.M. Torrealdai Kultur Etxearen inguruan egingo dute ospakizuna, eta ez Baldatikan.
Gernikarrak, ohi legez, Lumon batuko dira txitxiburduntzia egiteko eta jolasean aritzeko. Muxikarrak, berriz, Ajurian elkartuko dira, 16:30etik aurrera.
Eleizalden batuko dira muruetarrak, eta suaren inguruan txorizoak erretzeko batuko badira ere, ondoren, bertaratutakoentzako txokolatea banatuko dute. Eguna karta jokoan amaituko dute Sukaldin.
EGITARAUAK, HERRIZ HERRI
Busturia
Domeka (otsailak 12).
– 09:00. Mendi martxan joango dira Altamiratik abiatuta, Paresira.
– 13:00. Musika eta txitxiburduntzia, Paresin.
Errigoiti
Domeka (otsailak 12).
– 09:15. Elizalden hasita, Bizkaiganera ibiladia egingo dute,
13 kilometroko ibilbide luzean.
– 10:30. Elizalden hasita, Bizkaiganera ibiladia egingo dute 7 kilometroko ibilbide laburrean.
– Ondoren, txitxiburduntzia.
Forua
Domeka (otsailak 12).
– 17:30. J.M. Torrealdai Kultur Etxearen inguruan batuko dira txitxiburduntzia egiteko. Bakoitzak bere ogia eta txorizoa eroan beharko ditu (musika jarriko dute ekimena girotzeko).
Gautegiz Arteaga
Domeka (otsailak 12).
– 11:00. Montorre eskolako gurasoek antolatuta, Basatozte ospatuko dute. Eguraldi ona egiten badu, herriko plazan hasi eta San Lorentzora oinez abiatuko dira. Eguraldi txarragaz, plaza inguruan geratuko dira. Bakoitzak bere txorizoa eroan beharko du.
Gernika-Lumo
Domeka (otsailak 12).
– 17:00. Txitxiburduntzia egiteko parrillak, umeentzako jolasak, umeen eta helduen aulki dantza txapelketa… Lumoko plazan.
Murueta
Domeka (otsailak 12).
– 18:00. Txitxiburduntzia, Eleizalden. Ondoren, txokolate jana.
– 20:00. Briska txapelketa, Sukaldin.
Muxika
Domeka (otsailak 12).
– 16:30etik aurrera, Ajurian, umeentzako jolasak, txitxia erretzeko sua eta zotzak… Jatekoa norberak eroan beharko du.