Busturialdeko eragileak saritu dituzte, kirolean euskararen erabilera sustatzeagatik
Kerman Lejarraga, Urdaibai Eskubaloi Taldea, Gernika KESB, Gernika Futbol Sala, Gernika Club eta Gernika Sportingen lana aitortu dute.
Bizkaiko Foru Aldundia eta lurraldeko kirol-sarearen ordezkaritza handia bildu dira atzo [otsailak 6] arratsaldean Bizkaia Frontoian egindako ekitaldian. Modalitate eta diziplina desberdinetako Lurraldeko hogeita hamar bat klub, federazio eta kirol elkartek kirol arloan euskara sustatzeko egindako lana aitortzeko Foru Erakundeak emandako lekukoa jaso zuten. Tartean egon ziren Kerman Lejarraga, Gernika KESB, Gernika Club, Gernika Sporting, Gernika Futbol Sala eta Urdaibai Eskubaloi Taldea haien lana aitortu zuten.
Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak Bizkaiko federazioen eta kirol kluben ekarpena agerian utzi du eta kirol sare bat, eta azken finean, gero eta elebidunagoa den gizartea lortzeko egin duten lana aitortu du. Bilbaok bakoitzak bere esparrutik euskararen normalizazioan lan handia egin duela aitortu du eta zeregin horretan urrats sendoak ematen jarraitzearen garrantzia azpimarratu du. “Gaur, Bizkaiko kirol-ehunak euskalduntze-prozesuan ere erreferente gisa egiten duen lana aitortu eta balioetsi nahi dugu. Guztia federazio eta kluba, kirolari eta staff teknikoaren artean lortzen ari zarete; ekarpen handia egiten diozue Bizkaiari”.
Aurrera egiten jarraituko dute BIKEE programa lurralde osora hedatzeko, baita, euskararen presentzia kirolaren esparru guztietan errealitate izan dadin, gero eta neurri eraginkorragoak finkatzen eta bultzatzen ere. Lurraldeko klubak BIKEE programaren parte izan daitezen Foru Erakundeak Bizkaiko eskualdeetan aurkeztu du proiektua. Proiektuaren aurkezpena hainbat azalpen-topaketatan egin da, eta horietan 24 alkatek eta 61 zinegotzik hartu dute parte. Era berean Aldundiak lan-mahaiak eratu ditu euskara eta kiroletako teknikariekin eta klubetako ordezkariekin.
Euskararen alde.
BIKKE proiektua 2017ko martxoan sortu zen eta helburu nagusia Lurraldeko kirol-sarean euskararen presentzia areagotzea da, izan ere, kirola, garapen integraleko tresna izateaz gain, euskararen aurrerabiderako eta normalizaziorako aukera eremua ere badelako. BIKEEk kirolaren bidez euskararen erabilera soziala sustatzen du, adin txikienetatik, eta erabilera horri jarraipena ematen dio kiroleko prestakuntza-ibilbide osoan, gizarte osoari euskararen erabilerarako eta ikusgarritasunerako espazioa eskainiz.