Bermeoko EH Bilduk gai desberdinak jorratuko ditu bost hitzalditan
Lehenengo hitzaldia etzi izango da. Bitor Uriarte historialari bermeotarra Bermeoko historiari eta ondareari buruz ariko da, 19:00etan, Gaztelekuan.
Berdintasuna, ondarea, erronka ekosozialak, gazteria eta ekintzailetza kooperatiboa izango dute hizpide Bermeoko EH Bilduk antolatu dituen hitzaldietan. Guztira, bost hitzaldi izango dira, eta lehenengoa etzirako antolatu dute. Hitzaldi guztiak izango dira leku eta ordu berean: Gaztelekuan, 19:00etan.
Etzi, eguenean, Bermeoko historiari eta ondareari buruz ariko da Bitor Uriarte historialari bermeotarra. Azaldu dutenez, Bermeoko historiaren laburpen txiki bat egin eta bertoko ondarea balioan jartzea eta zaintzeari buruzko garrantzia azpimarratuko du. Gainera, hori lortzeko bideei buruz ere hitz egingo du. Bermeoko Alde Zaharra edota Gaztelugatxe aipatuko ditu, besteak beste.
Hurrengo hitzordua otsailaren 23rako (eguena) jarri dute; berdintasuna izango da orduan jorratuko duten gaia. Hernaniko eta Arrigorriagako berdintasuneko adituek eskainiko dute hitzaldia, eta bi udal horietan martxan jarritako ereduen berri emango dute, euren esperientziak azalduz: Berdintasun Sailaren funtzionamendua, emakumeen etxea, berdintasun politikak udal mailan… “Bi udal horietan egindako lana eredugarria dela uste dugu, eta horietatik asko ikasteko aukera daukagu”, azaldu dute EH Bildutik.
Martxoaren 9an (eguena), berriz, erronka ekosozialak izango dituzte hizpide. Jokin Lapaza Bermeoko EH Bilduko zinegotziak eta Iratxe Arriola EAko alkateak arrantzak, nekazaritzak eta abeltzaintzak egungo krisi klimatikoan dituzten erronkei buruz hitz egingo dute, eta, zehazki, Busturialdean oinarrituko direla aipatu dute: uraren pribatizazioa, turismo eredua (Guggenheim, Gaztelugatxe, etxebizitza turistikoak…), basoen kudeaketa, basamortu berdeak, zentral eolikoak…
Gaur egun gazteek dituzten arazoengatik kezkatuta daude EH Bilduko kideak, horregatik erabaki dute aipatu gaia ere jorratzea. Hala, etxebizitza, lana, aisia, kirola… horiei guztiei aurre egiteko beharrari buruzko solasaldia martxoaren 23an (eguena) izango da; Eraitz Saez de Eguilaz legebiltzarkideak emango ditu azalpenak.
Azkenik, apirilaren 20an (eguena), Beñat Irasuegi Talaios kooperatibako eta Olatukoop Ekonomia Sozial Eraldatzaileko sareko kooperatibistak ekintzailetza sozial kooperatiboa eta ekosistema koperatiboak sustatzeko ereduaz berba egingo du.
EH Bilduko kideek uste dute hitzaldietan landuko dituzten gaiak “interesgarriak” direla. Horiei buruzko informazioa emateaz gain, herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzeko prest ere badaude, horiek jasotzea “garrantzitsua” dela uste dutelako, “herria hobetzeko”. Modu horretan, herritar guztiak gonbidatu dituzte hitzaldietan parte hartzera.