Itziar Ituño eta Ramon Agirre 'Hobe ixilik' lanagaz datoz Gernika-Lumora. Bihar (otsailak 3) 20:00etatik aurrera antzeztuko dute Lizeo antzokian. Komedia "nahikoa naturalista" da, eta testuan dago "gakoa".
Itziar Ituñok eta Ramon Agirrek Hobe ixilik antzezlana (Txalo produkzioak) eskainiko dute bihar (otsailak 3), 20:00etan, Lizeo antzokian.
Komedia bat da, baina ez oso ohikoa. Ukitzen diren gaiak arantzatsuak dira, eta arrisku handia hartzen dugu, gai horiekaz komedia egiten. Euskal Herrira ekarria, Frantzian egindako antzezpen batean oinarrituta dago.
Bi pertsonaia dira, eta lehenengo eztabaida hasten da ea zuzen bota behar diren gauzak, hau da, filtro barik, edo beharrezkoa den hausnarketa eta gure berbei filtroa ipintzea gizartean. Hori da lehenengo eztabaida. Baina, horren kontura, gero badatoz aldaketa klimatikoa, abortoa, hijaba, hau da, beloa, amatasun subrogatua… pila bat dira.
Aretoak bete-beteta eduki ditugu orain arte, eta pentsatzen dut harrera ona eduki duela; hori da gure sentsazioa. Gernika-Lumokoa zazpigarren funtzioa dugu. Aurre-estreinaldia Urnietan izan zen, eta estreinaldia Hondarribian. Donostian, Berrizen eta hainbat lekuan izan gara. Euskal Herrian biratxo bat egingo dugu. Hori da aurreikusten duguna. Uste dut udazkenean eta datorren urteko udaberrian ere emanaldiren batzuk izango direla. Euskeraz baino ez dugu egiten, beraz, Euskal Herrian izango da bira.

Egin dugu lan alkarregaz, baina ez askotan. Egia da aspalditik lagunak garela, eta aprobetxatu dugu berriro ere taulen gainean alkartzeko. Alkarri babesa ematen diogu eszenatoki gainean, eta konplizitatea. Oso ondo ezagutzen gara, eta, orduan, errazago dira gauzak.
“Niretzat errazagoa da negarraraztea, barrea sortzea baino”
Komedia bat da, ez oso konplikatua. Bikote baten arteko eztabaidak dira, konfiantza giroan, eta niretzat erronka da gai horiekaz komedia egitea. Komedia nahikoa naturalista da, eta erraz ikusten da. Nire ustez, testuan dago gakoa. Komedia egiteak badauzka bere zailtasunak. Niretzat errazagoa da negarraraztea, barrea sortzea baino. Umorea gauza oso pertsonala da, bati grazia egiten dionak beste bati ez dio egingo, eta hor dago beste zailtasun bat. Baina, beno, hortxe gabiltza ikasten.
Momentuz honetan zentratuta nago. Egia da Txilen Robinsones telesaila amaitzeko daukadala. Hasita dago, baina hiru fasetan grabatu behar izango dute, eta hirugarren fasea falta da.
