Muruetarrek mediku kontsultategi berria daukate
Bihartik aurrera herritarrei zerbitzua emango diete Udalbarriko lokal berrian.
Gaur goizean inauguratu dute Muruetako mediku kontsultategi berria, eta muruetarrek bihartik aurrera Udalbarrin kokatu duten osasun zentro horretan jasoko dute zerbitzua.
Orain, erdigunean kokatu dute mediku kontsultategia, instalazio modernoekin eta irisgarriekin. Medikuaren kontsultaz gain, erizaintzako bat ere badaukate orain, baita ere itxarongela bat eta komun egokituak. Instalazioak gaur bertan bisitatu ahal izan dituzte bertaratutakoek, eta bertan izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Gotzone Sagardui Osasun sailburua. Muruetara iritsi aurretik, hala ere, Foruan egin dute geldialdia, Torrebarrin azaroan zabaldu zuten mediku kontsultategiko instalazioak bisitatzeko. Inguruko herrietako udaletako ordezkariek ere parte hartu dute gaurko inaugurazio ekitaldian. Muruetako osasun zentroak udalerriko eta Foruko bizilagunei emango die zerbitzua, eta denboraldi jakin batzuetan baita ere Busturikoei.
Julen Karrion alkatea “pozik” zegoen, muruetarrentzako gaurkoa “egun handia” dela aipatuta: “Herrian gure bizilagunak artatzeko osasun zerbitzu ona edukitzea udalaren lehentasunetako bat izan da. Horregatik, kudeaketa ahalegin handia egin dugu kokapen hobea lortzeko eta lokal berria edukitzeko”. Kontsultategi berriak “funtzionaltasun eta erraztasun baldintza guztiak” betetzen dituela adierazi du.
Alkateak esan du agintaldiaren hasieratik udalaren ildo estrategikoak izan direla herriari zerbitzu “eskuragarriak, funtzionalak eta erakargarriak” ematea; “horretara bideratu ditugu esfortzuak, eta herriari osasun zerbitzu on bat ematea funtsezkoa izan da eta izaten jarraitzen du”.
Gogora ekarri du osasun zerbitzua Aldai Etxean ematen egon direla pandemia sasoira arte: “Zaharkitutako espazioa zen eta baldintza txarretan zegoen, ez zeukan, gainera, erizaintzako zerbitzurik. Udal jabetzakoa ez izateaz gain, sarbide zaila zeukan”. Orain, mediku kontsultategi berriagaz “lehen mailako arreta” eskaini ahalko dutela zehaztu du, “osasun material eta altzari egokiekin osatuta”.
Herritarrentzako “hobekuntza garrantzitsu hau” Eusko Jaurlaritzako sasun sailaren laguntzari eta lankidetzari esker dela aipatu du; izan ere, osasun sailak kontsultategi barruko altzariak, beharrezko makineria eta osasun materialak egokitu ditu. “Udalari, gainera, diru laguntza eman dio lanak egin ahal izateko”, esan du Karrionek. Lanak egiteko inbertsioa 62.949,02 eurokoa izan da, eta horiek finantzatzeko Muruetako Udalak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren 38.253,48 euroko laguntza izan du. Beste dirulaguntza batzuk ere aipatu dituzte: Ereinetik 6.948 euro, Itsaspenetik 3.163,84 euro eta Bizkaiko Foru Aldundiko azpiegitura sailetik 8.609 euro.
Jakitera eman dutenez, gaur egun kontsultategia dagoen lekuan antolatzen ziren jarduera soziokulturalak aurrerantzean udaletxeko osoko bilkuren aretoan egingo dira. Gimnasia, tailerrak, bilerak… eskolan egingo dituzte, eta ikasteko, lanerako zein irakurtzeko gunea udaletxeko bigarren solairuko erabilera anitzeko aretoan kokatuko da.
Urkulluk esan du Foruko eta Muruetako kontsultategi berriekin Busturialdean ematen den osasun arreta hobetu gura dela. Osasun zentro bat “erosoa eta gertukoa” izan behar da Urkulluren arabera, eta “lehen mailako” zerbitzua eskaini behar du: “Gaur, bi adibide ikusteko aukera eduki dugu”. Herritarrentzat lehen mailako arreta “ezinbestekoa” dela aipatu du: “Gure bizi kalitatea zuzenean dago lotuta gertuen dugun osasun sistemaren lehen arretagaz. Horregatik, eredugarria izan behar du, hau da, bikaina izan behar du”. Hori guztia lortu aldera, “etengabeko inbertsioak” egitea “beharrezkoa” dela nabarmendu du: “Osasunari dagokionez, ez dago inoiz ere ez gehiegizko inbertsiorik”.
Lehendakariaren arabera, pandemiak agerian utzi du lehen arretak duen garrantzia, “lehen erantzuna bertan ematen baita”. Horregatik, aipatu zerbitzua “zaindu” behar dela nabarmendu du, “funtsezkoa baita”. Pandemia garaian izandako “gabeziak” onartu ditu Urkulluk, “batez ere, lehen mailako arreta zerbitzuan”, eta indar guztia horretan jartzen jarraituko dutela gaineratu du. Hala ere, profesionalen erantzunak “ez duela inolako gabeziarik eduki” nabarmendu du, eta horien guztien lana goraipatu du, euren konpromisoa “eredugarria” izan dela gaineratuta.
Aipatu du erakundeen arteko elkarlanaren fruitua ezagutzeko aukera izan duela, bi osasun zentroak bisitatuz: “Inbertsio hauei esker herritarrak izango dira irabazten aterako direnak, beraien bizi kalitatean zuzeneko eragina izango duelako. Osasunik gabe nekez izango dugu etorkizun oparorik. Osasunik gabe nekez egin ahal izango dugu aurrera. Horregatik, ezinbestekoa da osasun sistema publiko baten aldeko apustu garbia egitea”.