Hezeguneen egunean askotariko jarduerekin beteko da Ekoetxea Urdaibai
Hezeguneen Mundu Mailako Eguna 2023 egitaraua aurkeztu du Ekoetxea Urdaibaik. Beste urte batez, askotariko eskaintza prestatu dute.”1.900.urtetik gaur arte hezeguneen bi heren desagertu egin dira, azken 40 urteetan gainbehera prozesuak jarraipena izan du hezeguneen %40ren degradazioarekin. Euskal Herriko eragile desberdinek azken 25 urteotan zehar egoera hau eraldatu nahi izan dute, hainbat hezegune sortuz edo egokituz, horrez gain, hezeguneen garrantzia azaleratu nahi izan dute, herritarrei begira dibulgazio eta hezkuntza ekimenak garatuta”, azaldu dute.
Ekoetxea Urdaibaikoak doako jarduerak izango dira guztiak ere, eta parte hartzeko interesa daukatenek, aldez aurretik izena eman beharko dute.
Zapatua. Urdaibaiko anfibioak ezagutzen tailerra eman eta mendi irteera egingo dute zapatuan (otsailak 4), 10:00etatik 13:00etara; 6 urtetik aurrerakoentzako jarduerak izango dira. Era berean, 3 urtetik aurrekoekin egitekoa den Urmaela familia-tailerra emango dute 11:00etatik 13:00etara. Horretan, liburu berezietan oinarritutako sormen-jarduerak egingo dituzte; pop-up teknikak, gardenkiak eta alanbreak erabiliz, arrainak, igelak eta libelulak egingo dituzte, eta abesti herrikoekin eta ipuin dibertigarriekin osatuko dute saioa.
Arratsaldean, berriz, Gure kanoa txotxongilo ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da, 17:00etatik 18:00etara, (4 urtetik aurrerakoei zuzenduta dago). Migrazioa, iparraldeko eta hegoaldeko herrialdeen arteko harremana eta ama lurraren zaintza dira gai nagusiak ikuskizun “sakon, dibertigarri eta poetiko” horretan.
Domeka. Urdaibai bioblitz. Padurak jarduera eskainiko dute domekan. 10:00etatik 13:00etara egiteko aukera izango da (6 urtetik aurrerakoentzat), eta, bertan, smartphone edo tableta erabiliz, inguruan dituzten espezieen argazkiak aterata, biodibertsitatea ikertuko dute. Datuak biltzeko eta espezieak identifikatzeko aplikazio bat erabiliko dutela azaldu dute.
Hezeguneko itzalak laborategia ere antolatu dute domekarako, 5 urtetik aurrerakoei zuzenduta. 12:00etatik 13:30era, itsas munduan, hezeguneko altxon eta bizitzaren munduan murgiltzeko laborategi “didaktikoa eta dibertigarria” izango da.
Izen ematea. Zapatuko zein domekako jardueretan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman behar da Ekoetxea sarearen webgunean (www.ekoetxea.eus) . Asteburuko ekintzei buruzko informazio gehiago jasotzeko edo zalantzaren bat argitzeko Ekoetxea Urdaibaira bertara deitu (94-687 04 02) edo mezu elektroniko bat bidali (info.urdaibai@ekoetxea.eus.) daiteke.