Hezeguneen Munduko Egunaren hitzorduari eusten dio Urdaibai Bird Centerrek
Urdaibai Bird Centerrek, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta BBKren laguntzarekin, Hezeguneen Munduko Eguna ospatuko du domeka honetan (otsailak 5). Horrela, beste behin, hegaztien eraztunketa zientifikoaren jardunaldia eta ibilaldi gidatua antolatuko dituzte ospakizunean parte hartu nahi dutenentzat. Plaza mugatuak daudenez, aurretiaz izena eman beharko da horietan parte hartzeko.
Eraztunketa zientifikoaren erakustaldiari dagokionez, bi saio egingo dituzte: 10:00etan eta 11:00etan. Eta hezegunetik ibilbide gidatua, berriz, 10:30ean hasiko dute (eguraldiaren arabera). Erreserbak 699 83 92 02 telefono zenbakira deituta egin behar dira.
Hezeguneen Munduko Eguna hegaztien migrazio-ibilbide osoko natura-zentroetan ospatzen dute, eta hezeguneen ezagutza eta kontserbazioa tokiko eremutik esparru globalenera sustatzeko egiten dute erakunde eta antolakundeek.
2023ko ekitaldi honetan aukeratutako gaia Paduren berreskuratzea izan da. “Hezeguneen ia % 90 degradatu egin dira XVIII. mendetik, eta galtzeko abiadura basoak galtzekoa baino hiru aldiz handiagoa da. Hala ere, hezeguneak funtsezko garrantzia duten ekosistemak dira, eta biodibertsitateari laguntzen diote, baita klima-aldaketa arintzen ere”, azaldu dute Urdaibai Bird Centerreko arduradunek.
Azaldu dutenez, ospakizun horrekin bat etorriz, Urdaibai Bird Center paduran hainbat jarduera egiten ari da Eusko Jaurlaritzak eta Trantsizio Ekologikorako Ministerioak koordinatutako Next Generation proiektu europarren barruan. Jarduera horietako batzuen helburua “interes handiko espezieen populazioen habitata hobetzea da”, hala nola zezen-txoria, mokozabala edo uhalde-enara.
Beste jarduera batzuk landare exotiko inbaditzaileak kentzearekin lotuta daude, besteren artean, Chilca (Baccharis halimifolia) edo Panpako belarra (Cortaderia selloana). Bestalde, aurreratu dute laster hasiko direla jatorri antropikoko hondakinak ere paduratik ateratzen.
Ingurumen-hobekuntza horiek guztiak Urdaibai Bird Centerren egingo den erakusketa batean erakutsiko dituztela jakinarazi dute, eta, horrela, esku artean dituzte berreskurapen-lanei buruz gehiago ikasi ahal izango dute bisitariek. Baina, azpimarratu dute bisitatzean, batez ere, negu osoan zehar hegazti-espezie askori aterpea eskaini dieten Urdaibaiko paduraz gozatu ahal izango dutela bertaratzen direnek: “Horien artean daude ahate buztanluzeak, ahate txistulariak, zezen-txoria eta, jakina, altxorrik preziatuenak, azken mokozabal negutarrak eta Muxar arrano arrantzalea. Hemendik gutxira, hegazti horiek guztiek iparralderako migrazio-bidaia luze eta arriskutsuari ekingo diote. Lanean ari gara hegazti horiek migrazio-bidean zehar atseden hartzeko eta elikatzeko habitat egokiak izan ditzaten”.
Beste behin, Urdaibaiko paduretako naturaren “espektakulu harrigarriaz gozatzera” hurreratzeko gonbidapena luzatu dute, eta baita hezeguneak kontserbatzeko mezua partekatzeko ere.