BiziPark sarearen baitan Bermeok txirrinduentzako aparkaleku segurua izango du
Udal azokako aparkalekuan kokatuko dute gunea, eta 35 txirrinduk lekua izango dute. Aparkalekua eguneko 24 orduetan zabalik egongo da, 365 egunetan.
Bermeotarrek txirrinduak aparkatzeko toki seguru bat edukiko dute laster. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak 60.000 euro bideratuko ditu Bermeo BiziPark sarean sartzeko. Hala, 35 txirrindurentzako aparkalekua egingo dute udal azokako aparkalekuan.
gaur goizean sinatu dute hitzarmena Bermeoko alkate Aritz Abaroak eta Mugikortasun Jasangarria sustatzeko zuzendari nagusi Angel Anerok. Udalak aparkaleku hori atontzeko eta hornitzeko lanak egingo ditu, eta, hitzarmenaren indarraldian –lau urte–, horiek kudeatu eta mantentzeko ardura edukiko du. Hala, lanokin “ahalik eta arinen” hasi gura dutela esan du Bermeoko alkateak.
Udal azokako aparkalekura sartu eta ezkerretara eginez dauden hiru lekuak erabiliko dituzte txirrinduentzako aparkalekuak egiteko. “Txirrindua da azken urteetan gorakada handiena izan duen garraiobideetako bat, baina guti dira eguraldiaren edo lapurreten aurrean babesa eta erosotasuna eskaintzen duten espazio egokituak. Horregatik gune hau utziko dugu bermeotarrek txirrinduak gordetzeko leku segurua izan dezaten. Mugikortasunean aurrera egiten jarraitzeko pauso bat izateaz gain, BiziPark ekimena oso praktikoa da. Izan ere, denek ez daukate lekurik etxean txirrinduak gordetzeko”, esan du alkateak.
24 ordu 365 egun. Txirrinduentzako aparkalekuez gain, gutxienez, suaren aurkako segurtasunezko zortzi armairu jarriko dituzte, baita ere banakako hartune elektrikoa. Sarbideak kontrolatzeko sistema bat jarriko dute, gainera, eta udaltzaingoaren segurtasun-zerbitzuagaz konektatutako kameren bidezko zaintza sistema edukiko dute instalazioek.
Aparkalekua eguneko 24 orduetan zabalik egongo dela zehaztu dute, urteko 365 egunetan. Alkateak azaldu duenez, modu desberdinetako bonuak egongo dira eskuragarri: hilabete bat (4 euro), hiru hilabete (10 euro), sei hilabete (20 euro) eta urte bat (40 euro). Oraindik, hala ere, ordenantza bat prestatu behar dutela esan du, eta prest dagoenean interesa daukatenek Berhaz bulegoan eman beharko dute izena.
Erabiltzaile bakoitzak plaza bakarra erabili ahalko du, eta segurtasun-itxitura eta bateriak kargatzeko konexio elektrikoa izango dituzten zortzi kutxa gotor tenporizatu eta, gehienez ere, hamabi orduz jarraian erabili ahal izango diren armairuak izango dituzte eskura. Halaber, BiziPark gunearen kanpoaldean erabilera libreko BiziPuntu bat jarriko dute, hain zuzen ere, txirrinduari konponketa txikiak eta mantentze lanak egiteko gunea. Nabarmendu dute debekatuta egongo dela bizikleta bera ez den beste objekturik gordetzea.
Udalaren eta aldundiaren arteko lankidetzaren “garrantzia” aipatu du Abaroak: “Horrelako proiektuak gauzatzeko orduan erakundeen arteko lanak duen garrantzia nabarmendu gura dut, Bermeori eta bermeotarrei mesede handia egiten dieten proiektuak baitira. Hau oraindik ere egiteke dagoen adibide bat besterik ez da”.
Erabilera erraztu. Mugikortasun Jasangarria sustatzeko zuzendari nagusiak esan du BiziParken helburua dela Bizkaian bizikletaren erabilera erraztea, herritarrentzako garraio publikoaren modu osagarri gisa, bai bizikleta bakarrik erabiltzen dutenentzat edota bidaiak Bizkaibus edo EuskoTren bezalako garraiobideekin konbinatzen dutenentzat.
Uste du Bermeoko BiziPark guneak “ondo funtzionatuko” duela, eta “arrakastatsua” izango dela, “oso ondo kokatuta baitago”.
Gogora ekarri du, Bizkaiko beste sei udalekin hitzarmenak sinatu dituztela beste horrenbeste aparkaleku ipintzeko. Hala, Bermeoz gain, Barakaldok, Gueñesek, Deriok, Abadiñok eta Zallak ere bat egin dute ekimen honekin. Ermuan, berriz, uztailean inaugurutu zuten gunea. Hortaz, 2023aren amaieran Bizkaiko txirrinduen aparkaleku sareak zazpi BiziPark izango ditu.