Gazteek birziklatzeko poltsak jasoko dituzte lokaletan
Bermeoko Udalaren 'Zeurie be bada' garbiketa kanpainaren hirugarren fasea da. Kale hezitzailea arduratuko da materialak banatzeaz.
Bermeoko Udalak Zeurie be bada garbiketa kanpainaren hirugarren fasea abiatu du, eta oraingoan gazteen lokaletako ateak joko dituzte. Izan ere, horietako bakoitzean plastikoa, papera eta beira sailkatzeko poltsak utziko dituzte, lokaletan sortzen dituzten hondakinak sailkatu ditzaten.
Herri “garbi eta antolatu” bat lortzeko helburuz jaio zen Zeurie be bada garbiketa kanpaina, eta horren baitan hainbat pauso eman dituzte. Herritarrak sentsibilizatzearen “garrantzia” nabarmendu du beste behin ere Bermeoko alkate Aritz Abaroak: “Alperrik garbitzen dugu, ondoren garbi eta txukun mantentzeko gaitasuna baldin ez badaukagu”. Hala, oraingoan Bermeorentzat “hain garrantzitsuak” diren gazteak inplikatu gura dituzte: “Administrazioa garen aldetik, birziklatzearen garrantziaz kontzientziatu eta sentsibilizatu behar ditugu gazteak, proiektuan inplikatu egin gura ditugu, eta ekimen honetan parte hartzera bultzatu, gizabidezko jarrera egokiak izatera animatuz”.
Badakite gazteen lokaletan mota guztietako hondakinak sortzen dituztela, eta horiek jasotzeaz gain, birziklatzea ezinbestekoa dela helaraztea dute helburu: “Batetik, ahalik eta hondakin gutxiengoa sortu behar dela esango diegu, eta bestetik, ondo birziklatzearen garrantziaz ohartarazi gura diegu”. Horregatik, hiru koloretako poltsak oparituko dizkiete. Horrekin batera, kanpainaren nondik norakoak azaltzeko gutuna ere jasoko dute.
Mezua “argia” dela dio alkateak, eta “behin eta berriz” errepikatuko dutela adierazi du: “Guri, bermeotarroi dagokigu gure herria zaintzea. Azken batean, Bermeo gurea da, eta Bermeo geure etxea da. Gizalegezko jarrerak edukitzea gaurko eta biharko herria hobetzea da. Gizalegezko jarrerak edukitzea garbitasunagaz ere lotuta dago, eta hori guztia bizi kalitateagaz ere lotuta dago. Udalak keinu bat egin gura du kanpaina honen bitartez, izan ere, kontziente gara honegaz arazoa ez dela konponduko, eta ez da hori helburua, gainera. Kanpaina hau aitzakia bat izan behar da, jendea sentsibilizatzeko”.
“Erreferente”. Oraingoan, aipatu du, udala izango dela gazteengana hurbilduko dena, eta horretarako, kale hezitzailearen figura erabiliko dute. Alkateak dio, gazteen artean erreferentea dela Iñigo Prada kale hezitzailea, eta eurekin lanketa desberdinak egiten ibiltzen dela. “Ondo baino hobeto ezagutzen ditu zeintzuk diren gazteen beharrizanak, eta ondo baino hobeto ezagutzen ditu gazteen lokalak ere”, azaldu du.
Pradak adierazi du, “garrantzitsua” dela aipatu kanpaina lokaletara eroatea. Dioenez, gazteen hogei lokaletan ibiltzen dira lanean. Beste batzuen artean, bere zereginen artean daude bizikidetza ona sustatzea, gazteen beharrak entzutea eta jasotzea, baliabide komunitarioak ezagutaraztea eta hurbiltzea eta gazteei beren motibazio eta ekimenetan laguntzea.
Bere esku hartze eremua, hala ere, oso zabala dela aipatu du; ikastetxeetan lan egiten du tailerrak eskainiz zein bakarka edo taldekako esku hartzeak eginez, eta Lokaleku programaren esparruan ere lan egiten du.