Korrika berotu dute goiza Gautegiz Arteagan
Juan Carrascal eta Alluitz de Bilbao izan dira helmugara iristen lehenengoak aurten berreskuratu duten nagusien kros txapelketan. Umeek lagunartean ondo pasatu dute, eta parte hartzaile guztiek hartu dute domina bana.
Euria eta hotza bai, baina hainbat korrikalarirentzat ez da oztopo. San Polikarpo jaien baitan, kros herrikoiagaz eta kros lasterketagaz berotu dute goiza eta eguerdia Gautegiz Arteagan.
11:00tan abiatu da Montorre Eskolako Guraso Elkarteak antolatutako kros herrikoia. 2 eta 12 urte bitarteko 59 korrikalarik parte hartu dute. Herrikoez gain, inguruko herrietatik bertaratutakoak ere egon dira. Adin tarteka banatuta egin dute korrika. Garrantzitsuena parte hartzea eta lagunartean ondo pasatzea dela jakin badakite, horregatik, lehiakortasuna albo batera utzita, parte hartzaile denek domina bana hartu dute probaren amaieran.
Aurten, gainera, Gartiape Kirol Klubak antolatutako kros txapelketa berreskuratu dute, eta 12:00etarako prest zeuden irteera lerroan parte hartzaileak; 24 korrikalarik egin dute sei kilometroko lasterketa.
Txapelketa hasi eta 20 minutu eta 22 segundora iritsi da helmugara lehenengo korrikalaria, Juan Carrascal. Haren atzetik 20 minutu eta 29 segundoko denbora eginez sartu da Oier Kareaga, eta 20 minutu eta 31 segundora sartu da Zorion Kareaga. Nesketan lehenengoa izan da Alluitz de Bilbao, 24 minutu eta 48 segundo behar izan ditu helmugara iristeko. 26 minutu eta 21 segundu behar izan ditu Jone Oar-Artetak, eta 26 minutu eta 34 segundu, berriz, Izaskun Arriagak.
Arratsaldean, Kantu Koloreren emanaldiaz gozatzeko aukera edukiko dute gaztetxoenek frontoian, eta ikuskizuneko dantza eta musikagaz gozatu ahalko dute.
Bihar, jaien baitako azken egunean, pilota partiduek hartuko dute protagonismoa, 17:00etatik aurrera. Emakumezkoen pala partidua egongo da lehenengo, izan ere, Bidasolok eta Anituak Martinez eta Arrizabalaga izango dituzte aurrez aurre. Ondoren, gizonezkoen txanda izango da: Agirrek eta Iztuetak Larrazabal eta Salaverri II.aren aurka jokatuko dute esku pilota partidua.
Urtarrilak 28, zapatua.
18:30. Kantu Kolore Peru krokodilo ikuskizunarekin, frontoian
Urtarrilak 29, domeka.
17:00. Pilota partiduak.