Herritarren bizi kalitatean oinarritutako aurrekontua aurkeztu du Foruko Udalak
Foruko Udalak 1.222.140,44 euroko aurrekontuari hasierako onarpena eman dio azken osoko bilkuran. Ardatz nagusiak forutarren bizi kalitatea eta zerbitzuak bermatzea direla zehaztu dute, "Foruko etorkizunari begira egindako inbertsio errealekin".
Foruko Udalak hasierako onarpena eman dio 2023ko aurrekontuari; 1.222.140,44 euroko aurrekontua onartu dute. Foruko alkate Mikel Magunazelaiak esan du, 2023ko ardatz nagusiak forutarren bizi kalitatea eta zerbitzuak bermatzea izango direla, “Foruko etorkizunari begira egindako inbertsio errealekin”. 2022ko aurrekontuagaz alderatuta, aurtengoa gutxi gorabehera % 1,49 igo dela dio.
Aurreikusitako gastua 924.696 eurokoa dela aipatu du alkateak, 284.468,44 euroko “aurrezki garbi erreala” geratzen dela gaineratuta. “Aurrezteko gaitasuna aurrekontu egonkorrari eusteko lehentasunezko helburuagaz lotuta dago. Finantza eta kudeaketa ahalegina kontuan izanik, 297.444,44 euroko superabita daukagu. Kontuan izan behar da, gainera, Eusko Jaurlaritzako azpiegitura sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiak emandako dirulaguntzekin (200.000 euro inguru) finantzatu ditugula kontsultategi mediku berrian amaitu berri diren obrak. Hala, 2022ko ekitaldia geldikina zabalagaz zarratuko dugu. Gure udal zorra hutsean dago, beraz, udal ekonomia onbideratuta daukagu %100”, azaldu du alkateak.
2023ko aurrekontuan, “baliabideak optimizatzera eta gastuari eustera bideratutako” partidak nabarmentzen direla nabarmendu du Magunazelaiak, “udal ekonomia orekatua eta egonkorra lortzeko, herriko prestazio maila murriztu barik”. Hori guztia kontuan izanik, herritarren oinarrizko beharrei erantzuten dieten zerbitzuak mantenduko dituztela adierazi du: “Kultur zerbitzuetara 10.000 euro bideratuko dira, gizarte ongizateko jardueretara 10.000 euro, kultura eta euskara jardueretara 20.000 euro eta 15.000 euroko diru saila dago, berriz, Kultur Etxeko ikastaroetarako”.
Gainera, beste urte batez, herriko familia behartsuenei ematen dizkieten laguntza ekonomikoak mantenduko ditu udalak. Eta, era berean, herriko kirol zein kultur elkarteek jasotzen dituzten diru laguntzak ere mantenduko dituztela adierazi du: “Euren lana funtsezkoa da herriaren bizitza soziokulturala dinamizatzeko, belaunaldi berriei ohiturak baloratu, eguneratu eta transmititzen dizkieten jarduerekin. Horrek guztiak Foruko nortasuna indartzen du eta bizilagunen bateratzea eragiten du”.
Herritar guztiei kalitatezko kultur zerbitzuak eskaini aldera, Gernika-Lumon erroldatuta ez dauden erabiltzaileek bai Santanape kiroldegia erabiltzeko, eta baita ere, Segundo Olaeta musika eskolara joateko edota euskara ikasteko Aita Villasante euskaltegian ordaindu beharreko gehigarria ordaintzeko diru laguntzak ere mantenduko ditu Foruko Udalak.
Inbertsiorik nabarmenena Foruko taberna berria eraberritzeko aurreikusitakoa dela aipatu du, 217.94,44 euro. “Hasierako kreditua 2022ko aurrekontua likidatu ondoren erabilgarri dagoen diruzaintzako geldikinagaz osatu beharko da”, esan du.
Bestalde, kontsultategi medikua udaletxetik Torrebarrira eroan ondoren, udal lokaletan hutsik geratu den espazioa egokituko dute, artxibo mugikor bat instalatzeko, “dagoenaren osagarri”. Horretarako aurreikusita dagoen inbertsioa, hain zuzen, 21.000 eurokoa da. Udalak energia berriztagarrien alde egiten duen apustua nabarmendu du. Ildo horretatik, herrian ibilgailuak elektrikoki kargatzeko gune bat jartzea aurreikusten dela (17.000 euro) aipatu du.
Beste inbertsio batzuk ere aurreikusita dauzkate: HAPOa (8.000 euro), obra-brigada (3.000 euro), funts bibliografikoak (1.500 euro), hiri-altzariak (10.000 euro), auzo bideak eta bide publikoak konpontzea (25.000 euro) edo informazioa prozesatzeko ekipoak erostea (2.000€).