Urdaibaiko 16 enpresa aintzatetsi dituzte Euskadiko Ekoturismo Foroan
Gasteizko Europa Biltzar Jauregian ospatu duten foroan parte hartu dute, hain zuzen ere, ekoturismoko adituek, erakundeek, elkarteek eta enpresek. Urdaibai Biosfera Erreserbaren Patronatuko zuzendari Nicolas Garcia-Borreguerok mahai inguru batean parte hartu du.
Basquetourrek antolatuta, gaur izan den Euskadiko VI. Ekoturismo Foroan parte hartu du Urdaibai Biosfera Erreserbak. Ekitaldi horretan, gainera, Urdaibaiko 16 enpresa auntzatetsi dituzte, Espainiako Ekoturismo Sarera batzeagatik.
Gasteizko Europa Biltzar Jauregian ospatu duten foroan parte hartu dute, hain zuzen ere, ekoturismoko adituek, erakundeek, elkarteek eta enpresek. Urdaibai Biosfera Erreserbaren Patronatuko zuzendari Nicolas Garcia-Borreguerok mahainguru batean parte hartu du, eta horretan, Turismo Jasangarriaren Europako Gutunarekin (TJEG) bat eginez, Urdaibai turismo-helmuga jasangarri gisa egiaztatzeari buruz berba egin dute. Azaldu dutenez, 2019ko otsailean abiatu zen atxikitze prozesua, eta Urdaibai Biosfera Erreserban eskumena duten administrazioen lankidetza jaso du, bai eta gizarte zibilaren eta enpresa-sektorearen parte hartze aktiboa ere.
“Akreditazio hau ekoturismoaren printzipioetan oinarritutako turismoa garatzeko ibilbide orri bat da. Bizkai, Araba eta Gipuzkoan erreferente diren ingurumen, gizarte eta ekonomia-ingurune arduratsu eta seguruaren errespetuan oinarrituta dago”, esan du Garcia-Borreguerok. Nabarmendu du azken bi urteetan , “tokiko biztanleen bizi-kalitatea hobetuko duten azpiegiturak hobetzeko, eta baita bisitariari kalitatezko esperientzia bermatu eta lankidetza publiko-pribatua sustatzeko ahalegina” egin dutela.
Aintzatespena jaso duten enpresak. Euskadiko VI. Ekoturismo Foroaren baitan, azken bi urteetan Espainiako Ekoturismo Klubera batu diren 52 euskal enpresei diplomak banatu dizkiete. Horien artean daude TJEGren II. fasearen baitan dauden Urdaibaiko 16 enpresa: Portuondo kanpina, Astobieta landetxea, Arrizurieta landetxea, Hemingway Kanala House, Atxurra Hotel-Landa apartamentua, Gametxo hotela, UrdaibaiKm0 apartamentuak, Laga surf Camp, Ur Urdaibai, Izkira, Ekobideak, Nueva Europa, Itsasmendi Upategia, Berroja upategia, Salica kontserba enpresa eta Madaidxagane jatetxea.
Turismo Jasangarriaren Europako Gutuna. Gogora ekarri dutenez, TJEG egitasmoak turismoaren garapena bultzatzea du helburu, betiere iraunkortasuna kontuan izanik: “Turismo jasangarriaren printzipioak ezartzeko borondatezko metodo eta konpromisoa aurkezten du, jasangarritasunaren aldeko apustu sendoa egiten duten lurraldeetako kudeatzaileei eta enpresei beren estrategiak modu parte hartzailean definitzeko orientazioa ahalbidetzen diena”.
Urdaibairen kudeaketan eskumena duten erakundeen inplikazioa izan du, hain zuzen, Urdaibai TJEGra atxikitzeko ekimenak, baita ere Busturialdeko eskualdeko turismo enpresen bultzada. Egitasmo honetan esku hartzen dute Urdaibai Biosfera Erreserba Zerbitzuak (Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren mende dagoena) eta Urremendi Landa Garapeneko Elkarteak. Horrez gain, Bermeo, Mundaka eta Gernika-Lumoko turismo bulegoen, Basquetour Euskadiko Turismoaren Euskal Agentziaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Tourdaibai Urdaibaiko Turismo Jasangarrirako Elkartearen elkarlan aktiboa dauka, baita ere gizarte zibilaren parte hartzea, Foro Iraunkorraren bitartez.