Urdaibaiko Guggenheim museoaren finantzaketan "ez duela inolako arazorik ikusten" esan du Unai Rementeriak
Elkarrekin Bizkaiak Urdaibain Guggenheim handitzeko proiektuaren zilegitasunari buruz galdetu dio gaurko osoko saioan, eta Bizkaiko Ahaldun Nagusiak berretsi du 127 milioi euroko inbertsioa aurreikusten zaion Urdaibaiko museoaren finantzaketan ez dutela arazorik ikusten, eta museoak eduki lezakeen eragin ekonomikoari buruzko datuak eman ditu.
Hector Fernandez Medrano batzarkideak (EB) Urdaibain Guggenheim handitzeko proiektuaren zilegitasunari buruz galdetu dio gaur egiten duten kontrolerako osoko bilkuran. Elkarrekin Bizkaiaren iritziz, “larregizko baikortasuna” dago kultur proiektu horretan, eta “eskualdeak behar duena” ote den galdetu du.
Bizkaiko Batzar Nagusietako kontroleko urteko lehenengo saioa izan den horretan, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak onartu duenez, Eusko Jaurlaritzagaz “beharrean jarraitzen dute, Gobernu Zentralaren konpromisoa daukan museo berriaren finantzaketa osatzeko”.
Ia hiru ordu iraun duen saioan, oposizioak hiru bider itaundu dio Aldundiari. Aldundiak ahozko sei erantzun-eskeri erantzun behar izan die. Elkarrekin Bizkaiak Aldundiak Guggenheim handitzeko proiektuan daukan “konfiantza itsuari” buruz galdetzean, Rementeriak defendatu egin du bere gobernuak “ideia horren alde egiten jarraitzeko daukan legitimazinoa“. Bere esku-hartzean azpimarratu duenez, “ez du ezelango arazorik” ikusten 127 milioi euroko inbertsioa aurreikusten zaion Urdaibaiko museoaren finantzaketan.
Rementeriaren ustez, proiektuaren legitimazinoa Bizkaiko Batzar Nagusietako gehiengoaren babes parlamentarioan oinarrituta dago, bizkaitarren %60,76ak proiektu horren alde dagoen Foru Gobernua osatzen duen alderdi biei –EAJ-PNVri eta PSE-EEri– eman zielako botoa. “Horri, Guggenheim museoak Bilbori eta Bizkaiari egin dion ekarpen on guztia gehitu behar zaio. Guggenheim ez egitearen kostua zehaztu beharko litzateke. Bere garaian hartzeko gaitzak izan ziran erabaki ausartak hartu zirelako daukagu”, esan du.
Proiektuaren aldeko apustua egitearen arrazoia emandako hitza betetzea ere badela zehaztu du, “jasangarritasuna, ingurumena eta kultura” batzen dituen proiektuaren atzean, eskualdearentzat eta Bizkaiarentzat “etorkizun hobea” dagoelako. Proiektua aurrera eroateko pausoak “behar besteko abiaduran” emango direla gehitu du, “beti ere, ingurumen arloko araudia betez”.
Horretan sakondu ostean, ahaldun nagusiak berriro ere gogora ekarri du “inguruko LPPa aldatzeko eta Ingurumen Azterlan Estrategikoa idazteko” beharrean jarraitzen dutela, hainbat neurri sartzeko: Industriako lurzoru bi deskontaminatzeko, Gernikako lurpeko akuiferoa garbitzeko–URAgaz batera–, ontziolaren parean itsasadarraren zabalera berreskuratzeko, espezie inbaditzaileak (plumiferoak) kentzeko eta garraiobide jasangarriagoak (trena, bizikleta…) sustatzeko.
Fernandez batzarkidearen galderari emandako erantzunean Rementeriak gogoratu du “itzulera sozial eta ekonomikoak arlo artistikotik harago” doazela. Esan du eraikuntza horren eragin “zuzena, zeharkakoa eta induzitua 87,5 milioi eurokoa” izango dela, “1.479 lanpostu” sortu eta mantenduko dituela eta Bizkaiko Ogasunerako “26,2 milioi euro” biltzea ekarriko duela, eta ustiapenaren eta sortutako jarduera ekonomikoaren eragina, “39 milioi eurokoa izango dela BPGan, eta 692 lanpostu eta 10,4 milioi euro bilduko ditu urtero tributuetan”.