Gregorio Blasco atezain historikoaren izena jarri diote Mundakako kale bati
Gregorio Blasco jaio zen etxearen eraikinean bertan, Gregorio Blasko Athletic Club Peñak jarritako plaka bat ere estalgabetu zuten.
Mundakako Udalak eta Gregorio Blasko Athletic Club Peñak Athleticeko atezaina izandako Gregorio Blasco Sanchez mundakarra (Mundaka, 1909ko ekainaren 10a – Mexiko Hiria, 1983ko urtarrilaren 31) omendu zuten atzo arratsaldean. Isla Kale kiroldegiaren kanpoaldean hasi zuten omenaldia, izan ere, aurrerantzean kale horrek atezain historikoaren izena edukiko du: Gregorio Blasco kalea.
Asko izan ziren hotzari aurre egin eta omenaldira bertaratu zirenak. Horien artean Athletic Clubeko ordezkaritza batek eta Jose Angel Iribarrek ere parte hartu zuten ekitaldian. Beste atezain ohi batzuk ere egon ziren, hala nola, Juan Antonio Zaldua eta Peio Agirreoa. Bilbao Athleticeko Ibon Ispizua atezain mundakarrak egin zuen, gainera, ohorezko aurreskua. German Ispizuaren biloba da Ibon Ispizua, Goyo Blascorekin batera atepean aritu zena.
Mexikotik etorritako Gregorio Blascoren senideak ere egon ziren atzo egindako omenaldi hunkigarrian, eta herritar asko ere bertaratu ziren.
Isla Kale kiroldegiaren kanpoaldean egindako omenaldiaren ostean, Juan Bautista Longa kalera joan ziren bertaratutakoak, bertan jaio baitzen Gregorio Blasco. Hain zuzen ere, jaio zen etxearen eraikinean bertan Gregorio Blasko Athletic Club Peñak jarritako plaka bat estalgabetu zuten. “Ilusio handiz” egin zuen lan hori, Ziara Vega herriko gazteak; Athleticeko emakumezkoen hirugarren taldeko atezaina da.
Bertsoak ere ez ziren falta Blascoren omenez, Manu Etxeberria hizkuntzalariak hartu zuen horren ardura. Kantuak ere entzun ziren ospakizunetan.
Peñako presidente Kepa Larruzeak gogorarazi duenez, tituluei eta ibilbideari erreparatuta, Blasco 125 urteko historiako lehoi sarituenetako bat da, uste du, baina, Athleticeko “atezain handien artean ahaztuta” dagoela. Horregatik, 2017an hasi ziren udalean eskatzen bere omenezko kale bat. Pandemiaren eraginez, prozesua atzeratu egin dela aipatu dute bai Larruzeak eta baita ere Mundakako alkate Irati Gondrak. “Eskaera egin zutenean, martxan hasi zen orduko udal gobernua eta 2019ko urtarrilaren 30eko udalbatzarrean onartu zen, aho batez, Gregorio Blasco kalea izendatzea. Pandemia etorri zen gero, eta dena atzeratu da gaur arte”, adierazi zuen Gondrak. Atzokoa “egun berezia” zela esan zuen alkateak, eta “hunkituta” eta “oso pozik” zegoen atezain mundakarrari egindako omenaldian.
Larruzeak esan du “zaila” izan dela hainbeste jende Mundakan elkartzea, eta familia Mexikotik etortzea; “merezitako” omenaldia egitea lortu dutelako, baina, “pozik” agertu da.
Gregorio Blascoren iloba eskerketuta agertu zen, eta aipatu ekitaldian egotea “ohorea” zela esan zuen. Mundakan Etxean bezala sentitzen direla zioen, “sustraietara bueltatzea dela” nabarmenduta.
Omenaldira bertaratutako Jose Angel Iribar Athleticeko atezain ohiak ere hitza hartu zuen, eta bertan egotea “ohorea” zela adierazi zuen: “Blasco ezagutzeko zortea izan nuen Mexikon, 1967an, Euskal Etxean egon ginen elkarrekin”. Merezitako menaldia zela esan zuen Iribarrek: “Uste dut Gregorio Blascoren izena eramanda, kalea asko apainduko duela”.
Ibilbidea. Blasco Athleticeko atezaina izan zen 30eko hamarkadan. Gaur egun, zuri-gorrien historian titulu gehien dituen futbolaria da, guztira, 15 garaikur (4 liga, 4 kopa eta 7 eskualde-txapelketa) ditu. Ligako sorreraren (1928/29) lehen atezain zuri-gorria izan zen, baita gol gutxien jaso zuen lehen euskalduna ere. Euskal selekzioaren atezainik internazionalena izan zen. Bere kirol ibilbidea Espainiako Gerraren etorrerak eten zion. Hortik aurrera, Euskal Selekzioarekin bat egin zuen, eta geroago, erbestean jokatzen jarraitu zuen, Mexikon eta baita Argentinan ere, River Plate mitikoan. Atzamar txikian izandako haustura batengatik, 37 urterekin, erretiroa hartu zuen, Atlante mexikarrean zegoela.