Ertibil topaketan parte hartuko du Gema Intxausti artista gernikarrak
ERTIBIL 40k bere laugarren dinamika ospatuko du bihar (urtarrilak 26), 18:00etatik 20:00etara, Gema Intxausti gernikarraren, Sr Polaroiskaren, Naia Castilloren eskutik. Oraingo honetan, hizlariek partaidetzaren ikuspegitik landuko dute gorputzaren ideia, “gure gorputzak oraingo esperientzia batetik aktibatuz”. Topaketaren ondoren Michelle Limaren eskutik moda-pasea egingo da MAL Studio Custom Project markako sorkuntzekin.
ERTIBIL Bizkaiak bere lau hamarkadak “Rekalde Aretoa obra bizi” bihurtuz ospatzen ditu; hiru hilabetez foru aretoa agora bihurtzen da, lurraldeko ekoizpen artistikoari buruzko hausnarketarako topaleku.
Bizkaiko Foru Aldundiak antolatuta, Rekalde Aretoan abenduaren 5etik aurrera ERTIBIL 40 erakusgai da, hausnarketa-, ospakizun- eta memoria-proposamena. Kuradoretza-taldea Juan Pablo Orduñez/MawatreS, Andrea Estankona, Ion Macareno eta Ivan Gomezek osatu dute.
Hiru hilabetean zehar, ostegun batzuetan, dinamika bat aurkeztuko da Rekalde aretoan, 18:00etatik 20:00etara. Artista plastikoek parte hartuko dute, eta hausnarketa-gai bat planteatuko zaie. EHUko Arte Ederren Fakultateak Agiri kulturala ziurtagiria emango die Ertibil 40 ekintzaren inguruan antolatzen diren jardueretan parte hartzen dutenei.
Topaketa horiek hainbat formatutan egingo dira: tailerra, hitzaldia, eztabaida, aurkezpena, mahai-ingurua eta abar. Saio bakoitzarekin batera, hausnarketa bultzatuko duten beste dinamika batzuk ere izango dira: soinu entzutea, diapositiben ikustaldi bat, moda desfile bat, kontzertua, performance…
Honako hauek izango dira dinamizatzaileak: Marion Cruza, Abigail Lazkoz, Elena Mendizabal, Oier Iruretagoiena, Txuspo Poyo, Jaime Cuenca, Zigor Barayazarra, Elena Aitzkoa, Ixone Sadaba, Miriam Isasi, Taxio Ardanaz, Irantzu Yaldebere, sraPolaroiska, Castillo, Intxausti, MichelLe Lima, Irati Inoriza, Miren Arenzana, Héctor Rey consonni, Mikel Onandia, Maider López eta Pablo Marte.
Workshopa. ERTIBIL 40an prozesu artistikoen tailerra ere ematen ari dira, bere ibilbidearen hasieran dauden eta Arte Ederretako azken urteak amaitzen edo master bat egiten diharduten artistentzat. Deialdi baten bitartez hautatutako hamar pertsonako taldea ari da hertan. Abenduan, urtarrilean eta otsailean, erakusketa-aretoaren espazioa tailer gisa erabiltzen ari dira, eta, bertan, Rekalde aretorako artelan bat garatu ahal izango dute: “Tailerra Ertibil 40rako programatutako jarduerarekin osatuko da, eta Diego Vivanco artistaren eta Sandra Amutxastegi eta Ane Rodriguez bikotearen (anemotorazing) babesa izango du. Beraz, Rekalde aretoa lana garatzeko espazioa izango da”.
Aldundiak antolatutako ERTIBIL Bizkaia Ikus-arteen Erakusketak, lau hamarkada hauetan 800 artelan inguru aztertu ditu, Bizkaiko 500 artista baino gehiagoren lanak: “1983ko lehenengo ediziotik hona, ERTIBILek beren sorkuntza-lana Bizkaian garatzen duten artista hasiberriak laguntzea eta bultzatzea du helburu”.