MusEkintzak 'Lainoen artean' ikuskizuna dakar Bermeora
'Lainoen artean' Arrantzaleen Museoan ikusi ahalko da zapatuan (urtarrilak 28). Eguerdian eta arratsaldean egingo dituzte saioak, eta aldez aurretik erreserba egin behar da museora deituta edo idatzita.
Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen duen Bizkaiko museoetako arte eszenikoen MusEkintza jaialdiak zapatu honetan (urtarrilak 28) eskainiko du bere hurrengo ekitaldia, Bermeon.
Elisabeth Perez, Bilboko Udal Txistulari Banda eta Tracken studio-ren eskutik, Memoria de un Pez Bueno liburuan oinarritutako Lainoen artean ikuskizuna ikusi ahalko da Arrantzaleen Museoan. Euskaraz eta gaztelaniaz antzeztuko dute, 13:00etan eta 18:00etan. Ikuskizunera bertaratzeko aldez aurretik erreserba egin behar da 94-688 11 71 telefonora deituta edo arrantzaleenmuseoa@bizkaia.eus helbide elektronikora mezua idatzita.
Arte eszenikoen jaialdiaren bosgarren ikuskizuna da zapatukoa. Guadalajara eta Iruñerako irteeren ondoren, Bilboko Udal Txistulari Bandak bere musika eta lan ona eramango ditu Bermeora. Bandak “arreta handiz aukeratutako doinuekin” lagunduko ditu Perezen irudiak eta ahoz azaldutako testuak, eta Tracken studiok animazio arinen bidez osatuko du emanaldia: “Txistulari boskoteak bere doinu tradizionalak Perez ilustratzailearen irudiekin eta poemekin uztartuko ditu, publikoa giro bero eta intimoan murgiltzeko. TRACKEN studio, animazioan eta ikusizko efektuetan adituak diren motion graphics, 2D eta 3Dn ere izango dira”, azaldu dute. Zentzu honetan, nostalgiaz, intimitatez eta alaitasunez betetako formak, musika eta hitzak izango dira protagonista.
Bi saioak ikuskizun “oso hunkigarriak” izango direla azpimarratu dute, eta ilustratzaileak berak idatzi eta ilustratutako Memoria de un pez bueno liburuko pasarteak kontatuko dira. Liburu horrek bere izebaren Alzheimerraren gaixotasunari buruzko ikuspuntua erakusten duen neska gazte baten “istorio maitagarria” jasotzen du. “Bi kontzertuetan une nostalgikoak eta erritmo tradizionalen alaitasuna” nahastuko dira, ilustrazioaren magia eta dinamismoa txistuaren musikarekin uztartuz.
Bigarren edizioa. MusEkintza eszenatoki berrietara hedatu da. Bigarren edizioa irailean hasi zuten eta ekainera bitartean, hilero ikuskizun ezberdinak eskaintzen dituzte. Ekitaldi honetan, zinema, antzerkia, ilustrazioak, musika eta estilo askotako dantzez gain (flamenkoa, garaikidea, pole dancea…), poesia, eskultura, moda eta bertsolaritza ardatz dituzten hamaika ikuskizun eskainiko dituzte.
Busturialdean beste bi emanaldiz gozatzeko aukera egongo da. Ekainaren 10ean Kandelak obraren bidez Garazi Etxaburu dantzariak bizia emango Jose Pablo Arriagak sortutako eskultura handi bati Euskal Herria Museoan, eta MusEkintzaren bigarren edizioa Santimamiñen amaituko da; ekainaren 24an Ez da kasualitatea bat-bateko bertso-emanaldi musikatua.
Eta, egitarau oparoaren barruan, besteak beste, “dantza errebelazio bide bezala”, apirilaren 22an mikroantzerkiak Bakioko Txakolin Museoa- Txakolingunea bereganatuko du Mikel Martinezen Tabernaria eta Luna Luna Antzerkiaren Repiqueteo lanekin.
Ikuskizunetara joateko beharrezkoa da aldez aurretik erreserba egitea joan nahi den ekitaldia egingo den museo edo gune bakoitzean. MusEkintzari buruzko informazio guztia www.bizkaikoa.bizkaia.eus webgunean dago.