Lurraldeko ondarearen aberastasuna herritarrei hurreratzeko programa
Aldundiak kudeatzen dituen museoetako, aretoetako eta kultura intereseko jardueren urteko programa aurkeztu dute gaur; Arrantzaleen Museoko, Euskal Herria Museoko eta Santimamiñeko ekintzak aurkeztu dituzte. Bizkaiko "kultura ondare aberatsa" herritar guztiei hurbiltzea da programaren helburua.
Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dituen museoetako, aretoetako eta kultura intereseko jardueren urteko programa “anitza eta zabala” aurkeztu dute gaur, publiko guztientzako diseinatutakoa izango dena, eta hamabi lekutan garatuko dena, tartean Bermeoko Arrantzaleen Museoan, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan eta Europako Herrien Parkean eta Kortezubiko Santimamiñen.
Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kiroletako foru diputatuak esan du Bizkaiko “kultura ondare aberatsa” herritar guztiei hurbiltzea dela programaren helburua: “Gure asmoa da erakustea zein aberatsa izan daitekeen tamainan txikia duen lurralde bat. Horretarako, gure areto eta museoak erakusleiho bihurtu gura ditugu, Bizkaia erakusteko espazio, alegia”. Hori horrela, bizkaitarren zein lurraldeko lekuen istorioak, kondairak, abestiak, lanbideak, ametsak eta bizipenak kontatzen dituzten ekitaldiak aurkeztu dituzte.
Urte berezia izango da Bermeoko Arrantzaleen Museoarentzat; izan ere, bere 75. urteurrena ospatuko du. Hala, programazio berezia eskainiko dute 2023an.
Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan hainbat izango dira 2023an bnisitatu ahalko diren erakusketak, honakoak beste beste: Abangoardiako 10 emakume Bizkaian, Basques in California”eta “Palindromoak: Markos Gimeno, Autore Erotua” erakusketa orijinala, Joseba Sarrionandiak eta Esteban Montoriok sortutakoa.
Kortezubin, Santimamiñen, UNESCOk gizateriaren ondare deklaratu zuen munduko historiaurreko artearen ezinbesteko kokapenean, erakusketa bat antolatuko dutela azaldu dute, eta bertan ikusi ahalko dira 1918tik aurrera egin diren ikerketak, eta bertan jasotako material eta datuak erakutsiko dituzte.
Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dituen museoetako, aretoetako eta kultura intereseko jardueren urteko katalogoan, gainera, aldundiak urtean zehar gauzatzen dituen kultura programa bereziak jasota ere badaude, esaterako, Ibilbide Historikoak (Bizkaiko historiaren eta geografiaren espazio bereziak ezagutzeko ibilbide gidatuak, Busturialdean ere egiten dituztenak), Europako Ondarearen Jardunaldiak, MusEkintza arte eszenikoen jaialdia…
Argitalpen berriak.
2023rako, bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak hamabost argitalpen kaleratzea aurreikusi du, eta bertoko museoak ere horren parte izango dira. Hala, horien baitan, Arkeologi Museoak aldi baterako erakusketaren katalogoa egingo du: Megalitoak eta Arrolako Oppidumeko gida (Arratzu, Nabarniz). Santimamiñek, Santimamiñeko Kobazuloaren gida argitaratuko du. Bermeoko Arrantzaleen Museoak bertan egongo den erakusketaren katalogoa argitaratuko du: Benito Barrueta. Marrazkiak. Azken hau,azaldu dutenez, argitalpen berezia izango da Arrantzaleen Museoaren 75. urteurrena ospatzeko. Horrez gain, Erdi Aroko Bermeori buruzko katalogoa ere argitaratuko dute. Azkenik, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak Gernika Uruguain. Fruitua hedatzen’ eta Palindromoak: Markos Gimeno. Autore Erotua kaleratuko ditu.
Programa “anitza, irisgarria eta hurbilekoa” dela uste du Bilbaok. “Espazio bereziak dira, eta objektu bakar, bitxi eta interesgarriz betetako bildumak dituzte”, dio, jarduerak ezagutza transmititzeko pentsatuta daudela nabarmenduz.
Foru diputatuak museoek orokorrean, eta bereziki foru museoek egiten duten “gizarte lana” azpimarratu du; izan ere, dioenez, “analisi, hausnarketa eta ezagutza” espazioak dira, “ezinbestekoak” gizarte batek aurrera egin ahal izateko. Azaldu du museoak gizartearen ondare historiko eta etnogradikoak direla, lurraldeko artea eta kultura gordetzen eta erakusten dutenak. “Gainera, museoak ondarea hedatzeko lekuak dira. Hori dela eta, aldundiak askotariko jarduera didaktikoak eskaintzen ditu eta ikastetxetako beharrei egokituta daude”, gehitu du.
2023ko jardueren katalogoa sortu du aldundiak, museo eta foru aretoen sareak eskaintzen duen kultura eskaintza ezagutarazteko eta herritarrentzat eskuragarri jartzeko.