Kroniketan jasotako kantak, museoan
Euskal Herria Museoan Mairin Mitchell kazetari eta idazle irlandarrari buruzko erakusketa dagoen aretoan kontzertu "hunkigarria" eskaini dute Andra Mari Koralekoek.
Andra Mari Korala abesbatzaren doinuek hartu zuten Euskal Herria Museoa bariku arratsaldean (urtarrilak 20). Kontzertu “berezia” eskaini zuten. Izan ere, museoko aldi baterako erakusketako protagonista den Mairin Mitchell idazle irlandarrak Euskal Herriko bere bidaietako kroniketan aipatzen dituen euskal abestien bilduma abestu zuten.
Mairin Mitchell, euskaldunen kronikari irlandarra erakusketa iazko martxoaren amaieran inauguratu zuten eta otsailaren 5a arte dago ikusgai. Mitchellek “asko sakondu” zuen bertoko musikan eta Euskal Herriagaz “lotura handia eduki” zuen.
Mairin Mitchellen kronikak, doinuz bustiak. kontzertua “hunkigarria” izan zela diote abesbatzakoek: “Erakusketak bederatzi hilabete daramatza museoan, eta orain dela bost hilabete gonbitea egin ziguten bere omenez kantatu nahi genukeen galdetzen. Euskal Herriari buruzko bere kroniketan abesti batzuk daude, eta horiek denak kontuan edukita prestatu genuen kontzertua”.
Agurra kantatzen hasi zuten saioa, eta, jarraian, kroniketan jasotako kantak eskaini zituzten: Jeiki-jeiki, Haurrak ikas zazue, Goizeko izarra eta Boga Boga. Emanaldia amaitzeko, berriz, Agur Jaunak kantatu zuten.
Andra Mari Koralekoek lehenengoz lehenengoz kantatu dute museoan: “Hau izan da eurekaz eduki dugun lehenengoko harremana, eta eurak ondo hartu gintuzten. Oso pozik egon ginen”. Museoko ganbara jendez bete zen, eta etxean bezala sentitu zirela azpimarratu dute: “Teilatu azpian kantatu genuen, azkenengo solairuan; lekua ez zen oso handia izan, baina aforo guztia bete genuen, eta batzuk kanpoan geratu ziren. Entzuleak denak gernikarrak izan ziren, harreman handia daukagun jendea batu zen”.