'Ikusezinak. Erbesteratuen haurrak' liburua aurkeztuko dute Astran
Sarek antolatuta, Miren Azkarate Badiola kazetari donostiarrak Ikusezinak. Erbesteratuen haurrak liburua aurkeztuko du bihar (urtarrilak 24), 19:00etan, Astran.
Esperientzia pertsonaletik eta arrazoi politikoengatik, gurasoen erbestean edo deportazioan jaio, hazi edo bizi izan diren haur eta gazteen ikuspegitik idatzitako liburua da. Zortzi testigantza bildu ditu, tartean, berea: “Euskal gatazkan biktimario zabala egin da, eta gutaz ez da sekula hitz egin. Askok esaten didate guztiz biluztu garela; zatirik zailena nirea idaztea izan zen”. Azkaratek lehenengoz jaso du beraien ahotsa, eta bere lehenengo liburua da. “Ahalik eta erradiografia zabalena” osatzen saiatu da, eta uste du “azaltzen ez diren beste milaka horiek ordezkatuta sentitzea” lortu duela.