Foruko Udala "pozik" dago mediku kontsultategi berriaren funtzionamenduagaz
Foruko alkate Mikel Magunazelaiak esan du "erabaki ona" izan dela mediku kontsultategi berria Torrebarrin kokatzea: "Erabiltzaileek egunero adierazten digute pozik daudela".
Duela bi hilabete martxan jarri zuten Foruko mediku kontsultategi berria Torrebarrin. Udala “oso pozik” agertu da kontsultategi berriaren funtzionamenduagaz, baita ere zerbitzua lokal berri batean gauzatzeko egindako kudeaketagaz.
Gogorarazi dutenez, lokal berria “funtzionalagoa da, gaur egungo beharrizanetara egokituta dago eta irisgarria da %100”. Foruko alkate Mikel Magunazelaiak esan du “erabaki ona” izan dela mediku kontsultategi berria Torrebarrin kokatzea: “Herritar erabiltzaileek egunero adierazten digute pozik daudela mediku kontsultategi berriagaz. batez ere, lokala irisgarria izatea baloratzen dute, udaletxetik bereizia, autobus geltokiaren ondoko beheko solairuan, herriko erdigunean eta espazio handiagokoa izatea; askoz erosoagoa da, bereziki gure nagisientzat”.
Alkateak azaldu duenez, Foruko Udalaren legegintzaldiko proiektuetako bat izan da: “Udaletik oso pozik gagoz egindako lanagaz. Hau izan da gure funtsezko proiektuetako bat; izan ere, Foruko garapen iraunkorra lortu gura dugu, Forun bizi diren pertsonek bizi kalidate ona izan dezaten, eta belaunaldi berriek senti dezaten Forun, euren herriak, etorkizuna bertan eraikitzeko behar duten guztia eskaintzen diela”.
Hori guztia lortu asmoz, “gogor” lan egin dutela adierazi du Magunazelaiak, “udal kutxak kaltetu barik, errentagarri egiten saiatu” direla gaineratuz: “Modu horretan, oso positibotzat jotzen dugu horretarako finantzaketa ia osoa lortu izana. Obretarako lortu dugun laguntza ekonomikoari esker, herriko beste behar batzuk asetu ditzakegu”. Bi euskal administrazioetatik jasotako laguntzei esker, mediku kontsultategi berriko obraren % 80 estali ahal izan dute. Osakidetzatik Foruko Udalak 190.069,71 euroko laguntza jaso du, “kontsultategi berriko lokalaren berritze lanak egiteko”. Gainera, Osakidetzak beharrezko barne altzari eta mediku-material guztiak jarri ditu, eta kontsultategia alokairuan kudeatzen du, lokala udalaren jabetzakoa baita. Alkateak jakitera eman duenez, urtean Foruko Udalak 9.000 euro jasoko ditu zentro medikua alokatzeagatik. “Eraikin hau herriarena da, eta forutarrona izango da beti”, esan du Magunazelaiak. Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura Sailetik, berriz, 45.000 euroko laguntza jaso dute.
Gogora ekarri dute, udalak 2021eko uztailean 95.000 eurotan erosi zuela Torrebarriko eraikina, “herrian kalitatezko lehen mailako osasun arretaren beharrizanei erantzuteko lokal bat iedukitzeko helburuagaz”. Dioenez, pandemiagaz agerian geratu ziren udaletxeko gela batean kokatuta zegoen kontsultategian zeuden gabeziak. “Gaur egun, osasun zentro berriagaz pertsonen arteko distantzia eta irisgarritasuna bermatzen doitugu”, azaldu du alkateak. Horrez gain, aireztapen eta biltegiratze onak dauzka, baita ere Osakidetzaren plan funtzionalaren beste arlo batzuk ere. Honakoak dira Torrebarriko mediku kontsultategian eskaintzen diren zerbitzuak: familia medikua, praktikantea eta erizaina.
Foruko eta Muruetako bizilagunak artatzen dituzte Torrebarrin, bi udalerriek eta Osakidetzak adostutako txandakatze irizpideagaz. Gainera, bere kokapenagatik, herriaren sarreran eta autobus geralekuaren ondoan egonda, irisgarriagoa da; hori baitzen “lehentasunetako” bat. “Kontsulta berria %100ean irisgarria da, erosotasunagatik ez ezik, segurtasunagatik eta funtzionaltasunagatik. Anbulantzietarako sarbide zuzena ere badu”, nabarmendu du Magunazelaiak.