Enpresa bat abiarazteko asmoa daukatenentzako ikastaroa antolatu du Bermeoko Udalak
'Oinarrizko enpresa kudeaketa' izeneko ikastaroa otsailaren 13tik 20ra ieskainiko dute, eta 30 ordukoa izango da.
Bermeoko Udalak enpresa bat abiarazteako asmoa daukaten ekintzaileei zuzendutako ikastaroa antolatu du Behargintzaren bitartez. Oinarrizko enpresa kudeaketa izeneko ikastaroa otsailaren 13tik 20ra izango da. Jakitera eman dutenez, 30 orduko ikastaroa izango da, eta Bizkaiko Foru Aldundiak homologatutakoa da.
Beste batzuen artean aipatu ikastaroan honako gaiak landuko dituzte: ideiaren analisia eta balorazioa, negozio eredu desberdinak, izaera juridikoak, eraketa eta hastapen izapideak, marketing tresnak, ekonomia eta finantza plana, zergak eta likidazioa, inbertsioen finantzaketa, dirulaguntzak, enpresaren gizarte-erantzukizuna eta teknologia berrien erabilera.
Oinarrizko enpresa kudeaketa ikastaroa semipresentziala izango da, eta aldundiak ematen dituen Enpresak abian jartzeko eta sortzeko laguntza eta Enpresen transmisiorako laguntza jasotzeko derrigorrezkoa dela gogorarazi dute. Ildo horretan, dirulaguntza horiek jasotzeko baldintzak honakoak dira: ikastaroa egin beharko da; langabezian, enplegu hobetze egoeran, EEE edo ERTE baten eraginpean egon beharko da eskatzailea jarduera ekonomikoetan alta eman aurretik; eta, gutxienez hiru hilabete lehenago Bizkaian erroldatuta egon beharko da. Dirulaguntzari dagokionez, 5.000 eta 20.000 euro bitarteako izan daiteke, bazkide kopuruaren eta programaren arabera, eta izapideak Behargintzan egin daitezkeela adierazi dute.
Ikastaroari buruzko informazio gehiago jaso gura dutenek, edo horretara izena eman gura dutenek Bermeoaldeko Behargintzagaz harremanetan jarri beharko dute: Zubiaur Tar Kepa 26-28 (udal azokan), 94 617- 91 90 edo autoenplegua@bermeo.eus.
“Aurreko astean, Busturialdeko enpresetan kontratazioak sustatzeko dirulaguntza lerro bat jarri genuen martxan Behargintzaren bitartez, eta Gernikako Lanbide Ekimenakekin elkarlanean. Orain, berriro ere bermeotarren artean enplegua sustatzen eta bultzatzen jarraitzeko helburuz, enpresa bat abian jartzeko asmoa duten ekintzaileei zuzendutako ikastaro hau abiarazi dugu” adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.