Berriztagarrien lehian, interesak
Jaurlaritzaren energia berriztagarrien Lurraldeko Plan Sektorialak hiru lurraldeetan 33 parke eoliko eraikitzea aurreikusten du, eta Busturialdea, Lea-Artibai eta Mutriku ere hartzen ditu.
Klima aldaketaren ondorio kaltegarriei buruzko kontzientzia gero eta handiagoa da, eta, ondorioz, energia iturri berriztagarrien aldeko eta ingurumena babesteko edota daukaguna ez galtzeko egitasmoak gero eta gehiago sortzen, lantzen edota zabaltzen dira. Horren aurrean, baina, bada «negozioa egin nahi duenik». Eta azkenaldian horixe bera ari da gertatzen Eusko Jaurlaritzak egindako eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoari eragiten dion energia berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialagaz (LPS).
Hain zuzen ere, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sarean duen dokumentuan hiru lurraldeetako 33 eremu zabal proposatzen dira parke eolikoak egiteko. Planoetako kokaleku gehienak hiru lurraldeetako mendiguneak dira, eta horien artean ez daude dagoeneko eraikita dauden edo tramitatzen ari diren proiektu eolikoak.
Gune batzuk, gainera, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdean daude kokatuta: Tontorramendi-Jaungoikomendi (Mutriku, Berriatua eta Ondarroa), Kalamua (Etxebarria eta Markina-Xemein), Galarregi (Ispaster), Burgoa, Garbola ingurua eta Sollube (Bermeo)…
Ingurumenaz kezkatuta daudenek kontzientzia soziala sortu nahi dute
Funtsean, Jaurlaritzaren helburua da 2030erako potentzia eolikoa bost bider handitzea. Egun 153 megawatt daude instalatuta, eta 783 megawatt edukitzea da asmoa. 2030ean, bukaerako energiaren kontsumoaren %21 iturri berriztagarrietatik heltzea nahi du Jaurlaritzak; eta 2050erako, %40.
Hilabete luzez egon dira LPS aurrerapenaren agiriak Interneten ikusgai. Prozesu administratiboa, baina, luze eta korapilatsua da, LPSk eta lurraldea antolatzeko beste plangintza batzuek talka egin dezaketelako. Dena dela, eta nahiz eta erakundeak zuzenketak egiten ari zaizkion LPSren aurrerapen txostenari, Jaurlaritzak aurtengo udarako onartu nahi du energia berriztagarrien lurralde plan sektoriala.
Zentral eoliko handiak
Asko dira LPSk jasotzen duenaren aurka egiten ari direnak, Urola Kostan eta Tolosaldean batez ere. Horien iritziz, planak jasotzen dituen parke eoliko kopurua eta solar fotovoltaikoak «neurriz kanpokoak» dira. ««Plan hau energia enpresa handien mesederako dago eginda. Parke eolikoak eta solar fotovoltaikoak ipintzen diren lekuetan despoblazioa gertatzen da. Eta, noski, mendi eta nekazaritza eremuek kalte handienak jasotzen dituzte. Gainera, zentral eolikoak 200 metrotik gorakoak dira; oso handiak dira». Horrez gain, eta nahiz eta Jaurlaritzaren txostenak dioen herritarrei informazioa eman behar zaiela, momentuz herritarrak ere ez dituztela informatu diote.
Zentral eolikoak enpresa handien esku ez egotea nahi dute natur taldeek
Mutriku Natur Taldeko kideak ere auziaz kezkatuta daude, eta informazio bilketan buru-belarri ari dira. Azaldu dutenez, kontua ez da parke eolikoak ez ezartzea. Energia berriztagarriak beharrezkoak direla diote, baina energia hori sortzeko baliabideak zeinek ipintzen dituen eta noren jabegokoak diren galdegiten dute. «Parke eolikoak behar dira energia sortzeko, baina horiek publikoak izan behar dutela uste dugu, ez dute energia enpresa handien esku egon behar. Gu herri txikiak izanik, aukera on bat litzateke herri txikiak batzea eta zentral eolikoak erostea. Gero, guztion artean adostu beharko genuke zentral horiek non kokatu; ingurumenari kalte gutxien egin diezaiokeen guneetan kokatzea adostu ahal da. Hori litzateke enpresa handi horien aurka egiteko modu bakarra», diote Mutriku Natur Taldeko kideek.
Solar fotovoltaikoei dagokienez, horiek dagoeneko eraikita dauden eremuetan kokatu beharko liratekeela diote. «Gure proposamena da lehendabizi urbanizatuta dauden eremuetako eraikinetan kokatzea, ingurumenari kalte gehiago ez egiteko».
Auzi «konplexua»
Edonola ere, herritarrak bizi duten arazoaz jabetu behar direla diote bateko eta bestekoek. «Kontzientzia soziala piztu behar da. Kontsumitzen dugun energia kopurua handia da, eta kontsumitzen dugun energia hori guztia berriztagarria izatea ezinezkoa da. Baina, noski, inork ez du nahi energia gutxiago kontsumitu. Ez da auzi erraza; gaia nahikoa konplexua da».
DATUA:
6
Zentral eoliko handi bakoitzak balio duena, milioitan
Azaldu dutenez, LPSk jasotzen dituen zentral eoliko bakoitzak sei milioi euro balio ditu. Baina zentral bakoitzak urtean bi milioi eurotan baloratutako energia sortzen du. «Beraz, hiru urte eta hilabete gutxi batzuekin zentral eoliko bakoitza amortizatuta legoke. Atera kontuak. Hortik aurrerako guztia mozkinak dira», azaldu dute Mutriku Natur Taldeko kideek.