Busturiko sarbideak berrantolatzeko eta BI-2235 errepideko zirkulazioa baretzeko biribilgunea egingo dute
Muruetan, hain zuzen ere, Flores Etxearen aurrean amaitzen den bidegorriari jarraipena emango diotela esan du gaur goizean Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko foru diputatu Imanol Pradalesek.
Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko foru diputatu Imanol Pradalesek BI- 2235 errepideko bide-segurtasuna hobetzeko “garrantzitsuak” diren proiektuak aurkeztu ditu gaur. Bide segurtasuna hobetzeaz gain, Busturiko sarbideak berrantolatuko dira. Hori guztia ahalbidetzeko 40 metro inguruko diametroa edukiko duen biribilgune bat egingo dute, besteak beste.
Bide segurtasuna hobetzeaz gain, Busturia eta Murueta herrien arteko konektagarritasuna hobetuko dituela aipatu du Pradalesek, eta, era berean, bertako herritarren bizi kalitatea hobetzeko balioko duela uste du: “BI-2235 errepideko zirkulazioa handia da, hortaz, zirkulazioa baretzeko helburua daukate lanek. Biribilgunea, gainera, etorkizunean etor daitezkeen udal errepideak kontuan edukita egingo da”.
Biribilgunea Sakonetas inguruan kokatuko dute, mendebaldetik Altamira auzora sartzeko bideagaz lotuko da, eta ekialdetik, auzoaren barneko bide bategaz, errepidearen eskuinaldetik joango da.
Era berean, ingurua berrantolatuko dutela aipatu du: “Espaloiak jarriko dira eta gaur egun San Kristobal auzoan, errepidearen bi aldeetan dauden aparkalekuak kenduko dira, maniobrak leku horretan arriskutsuak baitira. Izan ere, bide segurtasuna hobetu beharra dago, bertoko bizilagunak lasai mugitu daitezen”. Zebrabideak eta semaforoak ere egokituko dituztela adierazi dute. Asko eskatu den proiektua dela esan du Pradalesek, ibilgailuak abiadura handia hartzen baitute errepide horretan. Errepide ondoko aparkalekuak kenduta, auzoko beste “gune seguruago batean” birkokatuko dituztela adierazi du Busturiko alkate Aitor Aretxagak.
Beste alde batetik, Muruetan, hain zuzen ere, Flores Etxearen aurrean amaitzen den bidegorriari jarraipena emango diotela zehaztu du Pradalesek, Busturiko udalerriagaz lotzeko. Murueta–Busturia–Sukarrieta (19) tartearen Eraikuntza Plangintzako eta Bideragarritasuneko Dokumentuan jasotako bidegorri zatia ezartzea aurreikusten da, hain zuzen ere. Bidegorria Flores Etxe aurretik Olatxu ingurura zabaltzea aurreikusten dute, errepidetik bereizi eta ekialdean dauden landetatik joanda, Busturigaz lotuta.
Gainera, espaloi zati bat eta oinezkoentzako pasabide bat egokituko dira, Muruetako udalerriagaz lotzeko. Modu horretan, Arrietagaz lotzen den BI-3123 errepidean dauden oinezkoentzako arriskuak kenduko dituzte. Gaur egun, eremu horrek ez dauka oinezkoentzako pasabiderik, eta oinezkoentzako sarbideak “arriskutsuak” dira Muruetatik Busturiko eremu horretara oinez igaro gura dutenentzat.
“Ez dira etorkizuneko proiektuak, baizik eta oraingoak”, esan du Pradalasek, udan hastekoak direla nabarmenduta. Behin hasita 12 hilabetetan amaitzea aurreikusten dute. Lan horiek guztiak egiteko Bizkaiko Foru Aldundiak, gutxi gorabehera, 2,7 milioi euroko inbertsioa egingo du. Busturiko Udalak, berriz, biribilgunea egiteko eta San Kristobal auzoa urbanizatzeko beharrezkoak diren lursailak erosteko kudeaketak egin ditu.
Busturiko alkate Aitor Aretxaga “pozik” agertu da proiektuagaz, eta aldundiari eskerrak emateko tartea hartu du, Busturiko Udalak aurreko agintaldian hasitako eskaera bati erantzuna ematera baitoaz: “Lehenengo gauza egin genuena izan zen aldundiagaz harremanetan jarri, zer egin zitekeen zehazteko”. Busturiko alkatearentzat “garrantzitsua” da errepide horretatik doazen ibilgailuen abiadura murriztea, eta uste du biribilguneagaz lortuko dutela. Era berean, Altamira zein san Kristobal auzoetarako sarbideak “asko hobetu eta erraztuko” direla uste du, San Kristobal auzoko erdigunea “atseginagoa eta gizatiarragoa” izango dela nabarmenduta. Aldaketagaz San Kristobalek “izaera irabaziko” du alkatearen arabera, “oinezkoei lehentasuna emango zaiolako eta autoak auzoko erdigunetik kenduko direlako”. Busturiko alkatearentzat, gainera, “oso garrantzitsua” da oinezkoei herri batetik bestera joateko erraztasunak ematea.
Muruetako alkate Julen Karrion ere “pozik” agertu da, Flores Etxearen aurrean amaitzen den bidegorriaren puntu beltz hori desagertu egingo delako, bi herrien lotura “irisgarriagoa” eginez.