Urdaibaik eskaintzen duen esperientzia eskaintza sustatu eta balioan jartzeko
Madrilgo Nazioarteko Turismo Azokan (FITUR) dago Busturialdeko ordezkaritza. Besteak beste, garapen-fasean dagoen baliabide turistikoen bisorea aurkeztu dute bertan.
Busturialdeko Urremendi Landa Garapen Elkarteko ordezkariak Madrilen dira gaurtik domekara bitartean egiten ari diren Nazioarteko Turismo Azokan (FITUR) parte hartzeko. Bertan, Urdaibaik eskaintzen duen esperientzia-eskaintza anitza sustatu eta balioan jarri nahi dute, Urdaibai berezko nortasuna duen “kalitatezko helmuga turistikoa” delako: “Urdaibaik inoiz baino protagonismo handiagoa dauka Euskadik azokan duen standean, non aurten ere herrialdeak jasangarritasunaren eta berrikuntza turistikoaren alde egiten duen apustua erakusten den”, azaldu dute landa garapen elkartekoek.
Ager Lejarreta eta Aitziber Ansotegi, Urremendiko LGEko presidentea eta gerentea, hurrenez hurren, Busturialdeko hainbat udal ordezkariekin (Bermeo, Gernika-Lumo eta Mundaka) batera joan dira azokara, eta baita Nicolas Garcia-Borreguero Urdaibaiko Biosfera Erreserbako zerbitzuko zuzendaria ere. Azokan parte hartzearen helburua bikoitza dela azaldu dute. Batetik, Urdaibaik eskaintzen dituen ekimen eta xarma orokorrak ezagutarazi nahi dituzte; eta, bestetik, tresna berri bat aurkeztu, gaur egun garapen-fasean dagoen baliabide turistikoen bisorea: “Urdaibai modu jasangarrian ezagutzeko bidai-gida interaktibo berritzailea da. Helburua interesa sortzea eta bisitariak erakartzea da, esperientzia paregabea eta gogoangarria eskaintzeko, egonaldiaren aurretik, bitartean eta ostean”.
2023an zehar martxan jartzea aurreikusi dute, eta beragaz Urdaibaik eskaintzen dituen proposamen turistikoen aniztasuna eta kalitatea ikusarazi nahi dituzte: ondare naturala, ibilbideak, ondare historikoa eta kulturala, eta aisialdi, gastronomia eta ostatu eskaintza. Proiektu digital hau Urdaibai jomuga turistiko jasangarri gisa proiektatzen lagunduko duen plan estrategikoaren barruan dagoela azpimarratu du Lejarretak.
Bestalde, Aitziber Ansotegik gaur arratsaldean Euskadiko standean egindako aurkezpenean nabarmendu duenez, bisoreak “Urdaibai esploratzeko eta bisita planifikatzeko” bi bide eskainiko dizkie erabiltzaileei: “Alde batetik, mapan geruzaka iragazi ahal izango da Urdaibaik eskaintzen dituen lekuak, ibilbideak, ostatuak eta gainerako baliabideak, interesen arabera iragaziz eta xehetasun gehiago behar direnei buruzko informazioa zabalduz. Eta, bestetik, galdetegi labur bati erantzute hutsagaz, plataformak gure bidaia konfiguratzeko aukera emango du, bakoitzaren beharren, gustuen, bisita egingo duten konpainiaren eta beste aldagai batzuen arabera. Laburbilduz, erabiltzaileek Urdaibai euren neurrira planifikatzeko eta gozatzeko behar duten informazio guztia izango dute plataforma digital honetan”.
Webapp honek, Planifikatu zure esperientzia izeneko atalaren bidez esperientzia propioak sortzeaz gain, erabiltzaileei aukera emango die baliabideak eskuz arakatzeko eta gehitzeko Nire esperientzia atalean.
Urremendiko arduradunek Madrilen azpimarratu dutenez, erronka bisitariarentzat tresna erakargarria eta erabilgarria sortzea da. Baina, era berean, Urdaibaiko bisitarien profil, ohitura eta lehentasunetan sakontzeko aukera emango dieten datu garrantzitsuak jasotzeko gai izango da, analitika digitalari esker.
Proiektuak Europar Batasunetik datozen Next Generation funtsen finantzaketa dauka.