Gaztedi Busturialdea Bekak, prestakuntza eta lana uztartzeko aukera
Gaztedi Busturialdea Bekak programan parte hartu nahi duten eskualdeko gazteek Lanbiden izena eman edota eskualdeko gazteria zerbitzuetako bulegoetara jo behar dute.
Busturialdeko gazteek bertoko enpresatan trebatzeko aukera dute Lana bilatzea, Lana da programari eta Gaztedi Busturialdea egitasmoari esker, 2023 urtean ere eskainiko diren sei formazio beken bitartez. Busturialdeko udal gehienek (Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta, Muxika, Nabarniz eta Sukarrietako udalek) eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen dituzte beka horiek, Lanbideren bitartez. Hain zuzen, beken onuradunaren hautaketa prozesua Lanbidegaz batera egingo dute, enpresak eskatutako profila oinarri hartuta.
Bekek ikasitakoa praktikan jartzeko eta lehen lan esperientzia ordaindua izateko aukera eskainiko diete eskualdeko gazteei; bost hilabetez ariko dira Busturialdeko enpresetan. “Benetako lan merkatura hurbiltzeko eta prestakuntza eta lana uztartzeko aukera ematen dute bekak”. Bekaren zenbateko garbia hilero 680 eurokoa da eta hilabete bakoitzaren bukaeran jasoko dute. Bekadunari Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean alta emango zaio, lanekoak ez diren praktiken kotizazio-kontuaren kodean.
Bekadunak bost hilabetez ariko dira Busturialdeko enpresetan,
eta hilero 680 euro jasoko dituzte
Tutoretza eta coaching-a ere izango dute beraien garapenean eta prestakuntzan laguntzeko, eta praktika epea amaitzean, bekadunek enpresaren egiaztagiri bat jasoko dute eta bertan trebakuntza edukiak eta praktikaren iraupena zehaztuta azalduko dira: “Praktikak enpresen egoitzetan egingo dira horretarako izendatutako tutorearen zuzendaritzapean eta ikuskapenarekin”.
Eskaera egiteko baldintzak. Gaztedi Busturialdea beka bat eskuratzeko interesatuta dauden gazteek zenbait baldintza hauek bete beharko dituzte: 18-25 urte izatea, biak barne (edo 30 urte baino gutxiago izatea, Gazte Bermea Sistema Nazionalean inskribatutako pertsonen kasuan), Lanbiden lan eskatzaile moduan agertzea, Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi-mailako edo goi-mailako titulua, profesionaltasun ziurtagiria edo unibertsitate titulua (diplomatura, lizentziatura edo gradua) izatea, eta titulua lortu zenetik hiru urte baino gehiago igaro ez izana, edo bost urte, desgaitasuna duen pertsona batekin hitzartu bada.
Era berean, ezinbesteko baldintza dira jasotako prestakuntzarekin erlazio zuzena duen hiru hilabetetik gorako lan esperientzia ez izatea, eta Gaztedi Busturialdea hitzarmena sinatu duten udalerrietako batean erroldatuta egotea: Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Foru, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta, Muxika, Nabarniz eta Sukarrieta.
2012an ekin zioten Gaztedi Busturialdea proiektuari, eta, ordutik, eskualdeko 50 gazte baino gehiagori aukera eman die Busturialdeko enpresetan lanekoak ez diren praktikak egiteko. Esan bezala, lehen aldiz lan arloan esperientzia lortzea da Gaztedi Busturialdea beka hauen helburua, “horrela, lan merkatuan errazago sartzea ahalbidetuko dietelarik”.