Elkarretaratzeak, deklaratzera deitu dituzten Bizkaiko metalgintzako langileak babesteko
Biharko Barakaldoko elkarretaratzera joateko hitzordua ezarri dute; 9:30ean, Gernika-Lumoko Ipar aurrean.
Sei langile deklaratzera deituak izan dira Bizkaiko metalgintzaren 2022ko hamaika greba egunetan identifikatuak izan ondoren. LAB, CCOO, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuek elkarretaratzeak deitu dituzte deklarazio egunetan, epaitegien aurrean.
Atzo deklaratu zuen lehenego langileak, hortaz, atzo [urtarrilak 10] izan zen lehenego elkarretaratze eguna, Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean. Bihar [urtarrilak 12] 11:00etan Barakaldoko epaitegian bilduko dira, eta urtarrilaren 18an 10:00etan, berriz, Durangoko epaitegiaren aurrean. LAB sindikatuaren esanetan greba egunetan egindako pikete eta mobilizazioetan parte hartzeagatik deitu dituzte deklaratzera langileak, hortaz, elkarretaratzeak Bizkaiko metalgintzako “hitzarmen duin baten aldeko langileon borroka babesteko” eta deklaratzera deituta dauden pertsonei elkartasuna adierazteko deitu dituzte.
Bilboko elkarretaratzea “jendetsua” izan zela zehaztu dute, hortaz, bihar Barakaldon egingo den elkarretaratzera joateko deia egin dute, tartean, LABek: “Bizkaiko gizarte osoari dei egiten diogu mobilizazioetan parte har dezan”. Lea-Artibai eta Busturialdetik joateko deia egin dute, eta bi hitzordu ezarri dituzte bihar Bilbora joateko irteerak antolatzeko: Markina-Xemeingo Babel aurrean 9:30ean, eta Gernika-Lumoko Ipar aurrean 9:30ean.
Epaitegietan. Agertzera deitu dituzten langileen aurkako salaketak “askotarikoak dira”, hala nola, desordena publikoak zein agintearen aurkako atentatua. Bestalde, sindikatuek jakitera eman dutenez, isun ekonomikoak ere jaso dira, 150 €-tik 900 €-ra bitartekoak. “Badakigu ez direla azkenak izango, 2019ko greben esperientzia dugu, non 17 pertsonek epaitegietatik igaro behar izan zuten (horietako batzuk espetxe eskaerekin) eta isun ekonomikoak ugariak izan ziren”.
Salaketei dagokionez, “muntaietan oinarrituta” daudela salatu dute: “Metaleko milaka langilek grebetan eta mobilizazioetan modu baketsuan parte hartu duten egunetan, atxiloketak, identifikazioak eta kolpeak izan dira Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren estrategia, Bizkaiko metaleko borrokaren arrakasta ezkutatzeko”.