Bermeoko Herri Babesak gas isuriak kontrolatzeko egindako irteeren gorakada nabarmendu du
Boluntarioentzako ikastaro "egokien" beharra daukatela nabarmendu dute. 2022an mota guztietako 38 sute itzaltzeko lanetan parte hartu zuten Bermeoko boluntarioek.
Urtero egin modura, Bermeoko Herri Babesak aurreko urteko balantzea egin du; izan ere, hainbat dira boluntarioek egiten dituzten lanak. Bermeoko Herri Babeseko koordinatzaile Jon Ojangurenek iazko azken asteetan gas isuriak kontrolatzeko egindako irteeren gorakada nabarmendu du: “Hamar irteera egin ditugu, baina gehienak iazko azken asteetan izan dira, eta denak berdinagatik, balbuletako edo bonbetako matxurengatik. Izan daiteke denbora asko egon direlako minimoetan lanean, eta gero hotzagaz, lan gehiago egin behar dute. Aste batean hiru kasu izan genituen”.
Nabarmendu du asko izaten direla baita ere arriskua daukaten fatxada eta teilen erorketak konpontzeko egiten dituzten irteerak; 45 irteera egin zituzten iaz, aurreko urtean baino bi gehiago. Era berean, jausteko arriskuan zeuden zuhaitzak kentzeko lanak egitera hamahiru aldiz atera ziren. “Zuhaitz asko daude egoera txarrean. Hala, etorkizunera begira, haizeagatik alerta laranja dagoenetan pentsatu beharko genuke zuhaitz eta ume asko dauden guneak zarratzea, Lamera edo Tala, esate baterako. Orain, baina, zuhaitzak hosto barik daudenez, ez dago horrenbesteko arriskurik”.
Suhiltzaileak Bermeora iritsi bitartean, herrian gertatzen diren mota guztietako suteak itzaltzeko lanetan ere parte hartzen dute boluntarioek. Horretarako 38 irteera egin zituzten 2022an, 2021ean baino sei gehiago. Hala ere, “garrantzi gutxiagoko” suteak izan direla nabarmendu du Ojangurenek: “Lauzpabost ke-erauzgailutan gertatutako suteak itzaltzera atera ginen, esaterako. Oraindik ere taldean kamera termiko bat ez daukagunez, suhiltzaileek etorri beharra izaten dute tenperatura neurtzeko. Hala ere, iaz, erdietan baino ez ziren suhiltzaileak etorri. Atera egiten badira ere, egoera kontrolpean daukagun horietan deitu egiten diegu eta buelta ematen dute. Suhiltzaileen artean profesional oso onak dauzkagu”. Alarma faltsuetara egindako irteerak, berriz, sei izan ziren.
Txostenak eta protokoloak. Gaztelugatxeko San Juanera egiten dituzten irteerak ere aipatu ditu Ojangurenek, 2022an nabarmen igo direla aipatuta. Hain zuzen ere, 21 irteera egin zituzten biotopora –2021ean, zazpi egin zituzten–. Gaztelugatxera Bermeoko boluntarioak joaten dira, baina, baita ere, Ertzaintza eta anbulantziak, eta behar diren kasuetan, helikopteroa eta suhiltzaileak ere bai.
Irteeraz gain, hainbat txosten egin zituzten: erreken egoerak aztertu zituzten, herriko zein BI-631 errepideko kutxatilak, oinezkoen pasabideak, edukiontziak, biribilguneak, eraikinak, kaleak, zuhaitz guneak… Era berean, herrian egon daitezkeen arriskuei buruzko azterketak (sarrerak, eraikuntzak, egiturak…) eta protokoloak ere egin zituzten. Eta, zelan ez, herrian antolatzen diren kultur ekimenetan ere boluntarioen presentzia ez da falta izan.
Ateak zabalik. 30 urte bete ditu Bermeoko Herri Babesak, eta indartsu daude. Gaur egun, hogei boluntario inguru daude taldean, baina 10-12 inguru ibiltzen dira normalean lanean. Ojangurenek dio ez dituztela boluntario guztiak mobilizatzen irteeretan: “Behar direnak baino ez goaz. Arriskua dagoen lekuetara zenbat eta gutxiago joan, hobeto”. Ateak zabalik dauzkatela gogorarazi du beste behin ere Herri Babeseko koordinatzaileak. Bi baldintza bakarrik bete behar dira boluntario izateko: 18 urtetik gora edukitzea eta Bermeon bizitzea.
Beste behin ere, ikastaro “egokien” beharra dagoela nabarmendu du: “Gaur egun, Bizkaiko Foru Aldunditik boluntarioei eskaintzen zaien formakuntza oso eskasa da; oinarrizko ikastaroak baino ez dira. Hortaz, zerbaitetan sakondu gura dugunean guk geuk eskaintzen diegu formakuntza boluntario berriei. Europan, suhiltzaile boluntarioei eskaintzen zaien formakuntza ia suhiltzaileei eskaintzen zaien modukoa da”.