Ekoetxea Sarearen atariak itxura berritua dauka
Ekoetxea bakoitza interpretazio-zentro izatetik ingurumen-zentro izatera pasatu da. Bestalde, jakinarazi dute 2023an "zentroen kopurua handitzen" joango dela, eta "zentro elkartuak eta zentro kolaboratzaileak" ere izango dituztela hiru lurralde historikoetan.
Ekoetxea ingurumen zentroen sareak webgunea berritu du, eta gaurtik bestelako itxura dauka. Gainera, aurreratu dute 2023an zehar, zentroen kopurua handitzen joango dela, eta “zentro elkartuak eta zentro kolaboratzaileak” ere izango dituztela hiru lurralde historikoetan.
Ekoetxea Urdaibaik, Ekoetxea Azpeitiak, Ekoetxea Meatzaldeak eta Ekoetxea Txingudik osatzen duten sarea Eusko Jaurlaritzak kudeatzen du, Ihobe sozietate publikoaren bitartez. Orain arte bezala, zentro horietako jarduerei eta eskola programei zein sareari buruzko informazioa jasotzen du estreinatutako atariak ere, baina, beste modu batera. Esaterako, “norberak bere esperientzia aukeratu” asmoz, zentroen eskaintzan bilaketak egin daitezke, zentroaren, dataren, jarduera motaren eta publikoaren (nori zuzenduta dauden) arabera.
Eraikuntza partekatuko prozesu baten ondoren, 2022an Ekoetxea Sarearen Estrategia berri bat egin dute. 2030eko Garapen Jasangarriko Helburuetatik abiatuta, biodibertsitate, klima-aldaketa eta ekonomia zirkularreko politika desberdinak “pertsonekin lotzea du helburu” estrategia horrek. “Horrela, Ekoetxea bakoitza interpretazio-zentro izatetik ingurumen-zentro izatera igarotzen da, herritarrengandik hurbil dagoen ekipamendu gisa ulertuta. Ezin bestela izan, Sarearen bilakaerak eraldaketa digitala ere badakar eta pertsonak bere ekintzaren erdian jartzen ditu”, azaldu dute.
Hain zuzen, helburu berria da pertsonengan aldatzea modu jasangarrian pentsatzeko eta jarduteko modua, eta, era berean, eginkizun berria da ingurumen-politiken bidez, eraldaketa eko-soziala sustatzea, modu digitalean eta presentzialean, ingurune enblematikoetan, herritarrak inplikatzeko eta herrialdeari balioa sortzeko”. Beraz, herritarrei “aldaketaren parte izateko” gonbidapena egin diete, ondoan nahi dituztelako eta keinu bakoitzak bere garrantzia daukalako: “Ekoetxea Sareko esperientzia batean parte hartzen duzun bakoitzean, pentsatzeko eta era jasangarrian jarduteko modua aldatuko duen eguneroko keinu batekin konpromisoa hartu ahal izango duzu, klima-aldaketa geldiarazten laguntzeko. Keinu hori zerbait oso erraza, normala edo pixka bat zailagoa izan daiteke; zure eguneroko bizitzan aldatu nahi duzunaren edo zenbateraino inplikatu nahi duzunaren araberakoa izango da”.
— Ekoetxea (@Ekoetxea_eus) January 9, 2023
Izan zaitez aldaketaren partaide.
Gure ondoan nahi zaitugu!Bihar webgune berria
https://t.co/s36NL3giOJ
–Sé parte del cambio.
¡Contamos contigo!.Mañana nueva web
https://t.co/s36NL3giOJ pic.twitter.com/HIV3mQVjPz