Busturiko Udalak herriko emakumeak trebatu gura ditu peoi lanetan aritzeko
Herriko emakumeei zuzendutako bi hilabeteko ikastaroa antolatu dute; otsailaren 6an hasiko da, eta doakoa izango da.

Busturiko Udalak herriko emakumeak trebatu gura ditu peoi lanetan aritzeko; izan ere, udaleko peoi lanpostuetarako sarbidea erraztearen aldeko apustua egin gura dute, “maskulinizatuta dagoen lan merkatuan sartzeko aukerak zabalduz”.
Otsailaren 6an hasiko da ikastaroa, eta martxoaren 21ean amaituko da. 90 orduko ikastaro teoriko praktikoa izango da, egunean hiru ordu. Goizeko ordutegian eskainiko badute ere, parte hartzaileei egokitutako orduan eskainiko dutela adierazi dute. Ikastaroa Sartu Fundazioak eskainiko du, eta guztiz doakoa izango da. Helburua da sasiak garbitzeko makineri, motozerrari eta atoi-autoari buruzko ezagutzak eta maneiua eskuratzea, lan mundura sartzeko aukera gehiago izateko. Hala eta guztiz ere, parte hartzaileek hori baino gehiago ikasteko aukera edukiko dutela adierazi du irakasle izango duten Amagoia Villanuevak: “Oreak egiten edo entxufe bat aldatzen ere ikasiko dute beste hainbeste gauzaren artean. Hau da, mantenu lanak egiten ikasteko aukera edukiko dute. Eskuak zikintzeko lanak egingo dituzte parte hartzaileek”.
Villanuevak uste du garaia dela lanpostuetan langilearean trebetasunak kontuan hartzeko, genero desberdintasunak alde batera utzita.

Udaleko eta Sartu Fundazioko ordezkariak eta interesa agertu duten zenbait emakume gaur goizeko aurkezpenean
Begirada feminista. Sartu Fundazioarentzat proiektu “aitzindaria” dela azaldu dute. Ikastaroaren edukien baitan, parte hartzaileek laneko arriskuen prebentzioa ere jasoko dute. Ikastaroa, gainera, une oro begirada feministatik eskainita egongo dela zehaztu dute.
“Ahalduntzea garrantzitsua” izango dela nabarmendu du Busturiko Udaleko Berdintasun zinegotzi Naiara Ruiz Badiolak: “Kontuan izan behar da oso maskulinizatuta dagoen lanpostu baterako ateak zabalduko zaizkiela, betidanik, gizonek bete dutena, alegia. Horregatik, ahalduntzea lantzea garrantzitsua izango da, emakumeak ere gai garelako edozein lan egiteko”.
Jakitera eman dutenez, Lanbideren datuen arabera, 2022ko azaroan 37 ziren Busturian lana bilatzen ari ziren emakumeak. 2021eko jarduera tasa 40,45ekoa zela aipatu dute, Bizkaikoa eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoakoa baino bost puntu baxuagoa. Ruizek azaldu duenez, emakumeen enplegua hobetzeko pausoak eman gura dituzte, eta, aldi berean, berdintasuna “denon konpromisoa” izan dadin lan egin gura dute, “herritarrena zein erakundeena”.
Rol aldaketa baten beharra dagoela uste du Busturiko zinegotziak: “Rol aldaketa hori gai garela uste izatetik hasten da, eta antolatu dugun ikastaroa helburu hori lortzeko lagungarria da”.
Busturiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako bigarren plana egiterakoan konturatu ziren, herrian emakume bakar batek ere ez duela peoi postuan lan egiten. Desberdintasun horregaz amaitzeko asmoz antolatu dute ikastaroa. “Emakumeek primeran bete ditzakete maskulinizatuta dauden peoi lan horiek, eta horiei bultzada hori emateko prest gaude”, dio Ruizek.
Otsailaren 4ra arte. Ikastaroa egiteko, gutxienez, bost emakumek eman beharko dute izena, eta gehienezko kopurua hamabostekoa izango da. Izena emateko azken eguna otsailaren 4a izango da. Gaur bertan ikastaroari buruzko azalpenak eman dituzte Altamirako kultur etxean, eta interesa daukaten hainbat emakume bertaratu dira. Herriko emakume langabeak animatu dituzte parte hartzera.