Bermeoko Alde Zaharreko kaleak berritzeko lanak datozen egunotan hasiko dituzte
Alde Zaharreko eraldaketarako inbertsio planaren lehenengo fasean, Nekazari eta Intxausti kaleetan egingo dituzte herri lanak. Besteak beste, irisgarritasuna bermatzeko kale guztia altuera edo maila berean ipini, eta kableak lurperatuko dituzte. Datozen egunetan Nekazari kalean hasiko dituzte lanak.
Alde Zaharrean egingo dituzten hobekuntza-urbanistikoen berri eman dute Aritz Abaroa Bermeoko alkateak eta Idoia Platas Urigintza, Obra eta Ingurumen zinegotziak gaur goizean (abenduak 14).
Alde Zaharra biziberritu eta gune erakargarri bihurtu gura dute, horrek guzti horrek herritarren bizi-kalitatean zuzeneko eragina baitauka. “Gutxika-gutxika Alde Zaharreko kaleak berritzen hasiko gara. Asmoa da kale guztietan inbertsioak egiten joatea, baina Alde Zahar oso handia daukagunez, inbertsio handia eskatzen du”, zehaztu du Bermeoko alkateak. Helburu nagusiak dira irisgarritasuna hobetzea, kaleen itxura berritzea eta hein batean modernizatzea eta garbitasuna erraztea eta hobetzea. Horiek lortzea helburu duen inbertsio plana prest daukate, eta Abaroak azaldu bezala, datozen urteetan Alde Zaharrean eraldaketa hori bultzatzeko, plan hori izango da udalaren “lan tresna nagusia”.
Inbertsio plan horren lehenengo pausoa da gaur aurkeztutakoa: Nekazari eta Intxausti kaleak berriztatuko dituzte. 284.129,48 euroko aurrekontua daukate; gutxi gorabehera 185.000 euroko laguntza emango dio Eusko Jaurlaritzak udalari.
Bi fasetan egingo dituzte lanak. Nezakari Kaletik hasiko dira; datozen egunetan lanokin hasiko dira eta lanok burutzeko hilabete bateko epea beharko dutela aurreikusi dute: “Goiko aldetik, hau da, harresitik Intxaustirainoko zatian hasiko gara”.
Urigintza zinegotziak eman ditu lanei buruzko xehetasunak. Alde Zaharra babestutako eremua, ondare historikoa denez, galtzada-harrizko zoladura ezin dute kendu, eta, beraz, Intxausti Kaleko erdiguneko zoladura hori mantenduko dute, eta gaur eguneko harlauzak aldatuko dituzte. Irisgarritasuna bermatzeko, “kale guztia altuera edo maila berean” ipiniko dute.
Materialari dagokionez, granitozko harlauzak izango dira kalearen alde bietan egongo direnak–gutxi gorabehera Lameran dauden granitozko pieza handien modukoak izango dira–. Nekazari Kalean, berriz, denean jarriko dituzte granitozko harlauza handiak. “Kale bien arteko loturan, ura igarotzeko, V edo U antzeko pieza bat jarriko da”, azaldu du zinegotziak. Material aldaketa horien ondorioz, garbitasuna “erraztuko eta lika gutxiago sortuko” dela uste dute. Era berean, irisgarritasun hobetzeko zereginean, aipatutako kale bien artean dagoen “arrapala txikia” kenduko dute: “Gaur egun ez ditu irisgarritasuneko baldintzak betetzen”.
Gainera, ahal den neurrian, kableak lurperatuko dituzte: “Denak ez ditugu lurperatuko; kalearen alde batetik bestera zintzilik zein orube hutsen aurreetan daudenak lurperatuko dira, fatxadetakoak ez, azpian ez dagoelako lekurik dena sartzeko. Argia, estolderia, ura, zuntza… joan behar dira, eta kale estuak direnez, dena sartzea ezinezkoa da”. Bestalde, Nekazari kalean argiteria hobetuko dute.
Jakinarazi dute arkeologoak kontratatu dituztela: “Nekazari kaleko goiko aldean, harresiaren zatian, posible da ate bat egotea”. Arkeologoek ikusiko dute zer dagoen, eta, horren arabera, aurkitutakoagaz zer egin behar den erabakiko da; udalak arkeologoen proposamenaren arabera hartuko du erabaki hori.
Platasek gogoratu bezala, Intxausti Kalea da ibilgailuentzat Alde Zaharrerako sarrera nagusietako bat, eta era berean, oinezkoen eta ibilgailuen “bizikidetza aldetik arazo gehien sortzen den kaleetako bat” da: “Oinezkoen kalea bada ere, besteak beste, gehienezko abiadurak ez dira errespetatzen”.
Lanok herritarren eskariari erantzuten diete; izan ere, esan dutenez, herritarrek behin eta berriro helarazi diete Alde Zaharrean hobekuntzak, inbertsioak egin behar direla. Era berean, udal gobernuak hartutako konpromisoak “betetzeko beste pauso bat emango dutela” nabarmendu du alkateak.
Aipatu moduan, Alde Zaharra “gune erakarri” bihurtzea da udalaren asmoa, negozio berriak erakartzeko eta daudenak mantentzeko. “Udala Alde Zaharra biziberritzeko ahalegin bereziak egiten dabil azken urteetan, eta, batez ere, bi lan lerro nagusi ditugu identifikatuta. Alde batetik, hobekuntza urbanistikoagaz lotura daukaten proiektu eta ekimenak daude, eta, beste alde batetik, jarduera ekonomikoa suspertzeagaz lotutako lan lerroa dago”, adierazi du Bermeoko alkateak. Jarduera ekonomikoari dagokionez, Alde Zaharrean negozioa mundatu gura dutenentzako hobari fiskalen eta Lokalbide programaren (datozen egunetan aurkeztuko dituzte emaitzak) adibideak ipini ditu.